La Berrea Teatro konpainiaren “Peleles” lanak nerabezaroan bizi diren presio eta zailtasun emozionalak jorratzen ditu

11:00etan taularatuko da San Agustin Kultur Gunean

DURANGO | Datorren astelehenean, martxoaren 2an, ospatuko den Nerabeen Ongizate Mentalaren Munduko Eguna dela eta, Durangoko Udaleko Gazteria Sailak, San Agustin Kultur Gunearekin lankidetzan, La Berrea Teatro konpainiaren “Peleles” antzezlanaren emanaldia antolatu du.

La Berrea Teatro Madrilen sortu berri den konpainia da, gazte-talde batek bultzatua. Talde-lanaren garrantzian, gizarte-gaiei heltzeko premian eta antzerkia aldaketarako eragile gisa ulertzean sinesten du. Gainera, Paula Sala Unamunzaga aktore durangarra ikuskizun honetako antzezleen artean dago.

Ekimen hau kultura gizartea sentsibilizatzeko tresna gisa sustatzeko eta, aldi berean, gazteei zuzenean eragiten dieten errealitateen inguruan hausnarketarako gune seguruak sortzeko Udalak duen konpromisoaren barruan kokatzen da. Testuinguru horretan, Durangoko Institutuko ikasleek proposamen eszeniko honetan parte hartuko dute, ikusle gisa. Proposamenak, modu zuzen eta hurbilean, gaur egun nerabe askok bizi duten prekarietatea, ziurgabetasuna eta bakardadea lantzen ditu..

Hurbileko eta zuzeneko hizkuntza baten bidez, “Peleles”ek nerabeen esperientziaren parte diren presio sozialei, itxaropenei eta zailtasun emozionalei buruz hausnartzera gonbidatzen du. Horrela, lanak esperientzia kultural bat ez ezik, osasun mentalari eta gazteen ongizateari buruzko elkarrizketa irekitzeko aukera ere eskaintzen du.

Emanaldia martxoaren 2an izango da, 11:00etan, San Agustin Kultur Gunean. Gainera, sarrera irekia izango da, eta interesa duen edonor hurbildu ahal izango da emanaldiaz gozatzera.

Halaber, antzezpenaren ondoren solasaldi txiki bat egingo da, ikasleek konpainiako aktoreekin hitz egin ahal izan dezaten. Topagune horrek entzute aktiboa eta ideien trukea sustatuko ditu, eta osasun mentala gaztetatik zaintzearen garrantziaren inguruko kontzientzia kolektiboa indartzen lagunduko du.

Ekimen honekin, Durangoko Udalak gazteria bere ekintzaren erdigunean jartzen du berriro, udalerriko nerabeei gogoeta egiten, lagunduta sentitzen eta ongizate emozionala zaintzen lagunduko dieten kultur proposamenak babestuz.