Irabazleak 350 euroko saria jaso du

ABADIÑO | Abadiñoko Udalak martxan jarri du 2026ko San Prudentzio jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa. Deialdiaren helburua da Traña-Matienako jaietako irudi ofiziala izango den lana hautatzea, sormenari eta kalitate artistikoari balioa emanez.
Lehiaketan nahi duen orok parte hartu ahal izango du, eta egile bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahal izango ditu. Kartelak originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dira, eta derrigorrez jaso beharko dute testu hau: “San Prudentzio Jaiak 2026 – Traña-Matiena (Abadiño)”.
Lanak 70×50 zentimetroko formatu bertikalean aurkeztu beharko dira, euskarri digitalean, eta gehienez 1 Mb-ko JPG artxiboan bidali. Proposamenak posta elektronikoz helarazi beharko dira kultura@abadiano.eus helbidera, eta egilearen datuak PDF batean erantsi.
Kartelak aurkezteko epea 2026ko martxoaren 20ko 20:00etan amaituko da. Epaimahaiak –Udaleko ordezkariek, jai batzordeko kideek eta arte grafikoetako profesionalek osatua– lanak baloratuko ditu, eta irabazlearen izena martxoaren 27an emango da jakitera udalaren webgunean.
Aurkeztutako lanak Udalaren webgunean erakutsiko dira apirilaren 21etik maiatzaren 26ra bitartean, herritarrek proposamenak ezagutzeko aukera izan dezaten. Hautatutako kartela Abadiñoko Udalaren jabetzakoa izango da, eta erakundeak izango ditu haren erabilera eta hedapen eskubideak.
Ekimen honekin, Udalak tokiko sormena sustatu eta herritarrak San Prudentzio jaietako irudiaren sorkuntzan parte hartzera animatu nahi ditu.


