Tenperaturak behera egingo du eta giro hotza nagusituko da

EGURALDIA | Larunbatean negu beteko giroa izango dugu. Eguna bustitik dator, zaparradak edonoiz eta edonon egingo ditu, baina ugariagoak izango dira egunaren lehen zatian; orduan trumoi-ekaitzak izan daitezke eta txingorra egin dezake, bereziki kostaldetik gertu. Arratsaldean eta gauean zaparradak txikiagoak eta bakanagoak izango dira eta egunaren amaieran atertzeko joera izango du. Elur-kota 800-1000 m-ra egongo da, baina Araba ekialdean apur bat beherago egon daiteke. Iparraldeko haizea zakar ibiliko da egunaren lehen zatian eta haizeguneetan bolada oso gogorrak izango dira. Tenperaturak behera egingo du, giro hotza nagusituko da eta mendi inguruetan izotza egingo du.


