Proposamen bereziak izango dira, hala nola Mississippi Queen bikotearen kontzertu akustikoa Euban edo Sergio Arrospideren bakarrizketa Etxanon

AMOREBIETA-ETXANO | Bertokoak Berton programak otsailean jarraituko du, Amorebieta-Etxanoko landa-auzoetako bizitza kultural eta soziala biziberritzeko pentsatutako ekintza berriekin. Hala, maiatzera bitartean jarduera egitarau berri bat prestatu da Euba, San Migel, Etxano eta Boroa auzoetan publiko guztientzat pentsatutako kultura-proposamen parte-hartzaileak eskainiz.
Programazioak jarduera praktiko, sortzaileak batzen ditu. Horien artean daude, esaterako, hazi-zakuen tailerrak (propietate lasaigarri eta terapeutikoekin), hurbileko produktuekin pasta ekologikoa egitea, adimena aktibo eta osasungarri mantentzeko hitzaldi praktiko bat, bingo-saioak eta mugikorrarekin egindako argazki-tailerrak, baita gyozen dastaketa tailerra ere.
Lau auzoetan programatutako jarduerak ( otsaila – maiatza):
- Hazi-zakuen tailerra: parte-hartzaileek zaku termiko bat egiten ikasiko dute hazi eta belarrekin, mina modu naturalean arintzeko baliagarria.
- Pasta ekologikoaren tailerra: etxeko pasta egingo da, tokiko eta sasoiko produktuak erabiliz.
- “Buru erneak / Mentes despiertas” hitzaldia: adimena aktibo eta sasoian mantentzeko teknika errazak ezagutaraziko dira.
- Argazki-tailerra mugikorrarekin: mugikorrarekin argazki eta bideo onak nola atera erakutsiko da, modu erraz eta praktikoan.
- Gyozen dastaketa: ekialdeko enpanadillak prestatu eta dastatuko dira tailer praktiko honetan.
- Bingoa: joko parte-hartzaile klasiko honetako partidak egongo dira (Etxanon izan ezik).
Proposamen bereziak
Euba auzoan Mississippi Queen bikotearen kontzertu akustiko berezia izango da, martxoaren 14an, 19:00etan, frontoi ondoko udal lokalean. Bluesaz eta klasiko handiez zuzenean gozatzeko aukera izango da.
Bestalde, Etxanon, auzoko elizan izango da Sergio Arrospidek bakarrizketa eskaniko du, maiatzaren 16an, 19:00etan. Bere estilo bereziarekin, aktore eta umoristak umorez eta ironiaz betetako stand-up ikuskizun bat partekatuko du, senar, aita eta aktore gisa duen bizitzari buruz hausnartzeko.
Programa honen bidez, Amorebieta-Etxanoko Udalak landa-auzoetako hurbiltasun-kultura eta gizarte-dinamizazioa sustatzen ditu, jarduera kulturala udalerriko txoko guztietara hurbilduz.



