MusikagazFest jaialdiak hamahiru artista gazte batuko ditu urtarrilaren 31n herriko agertoki nagusietan

AMOREBIETA-ETXANO | Amorebieta-Etxanok laugarrenez hartuko du MusikagazFest jaialdia datorren urtarrilaren 31n. Egun osoko egitaraua 13:30ean abiatuko da Arraibi plazan Silitia taldearekin, eta herriko hainbat eszenatokitan banatuko dira kontzertuak eta DJ saioak. Sueder, Hondora, Etxepe, DJ Rednal, Uxue Kerejeta eta Jonkass, besteak beste, izango dira parte hartuko duten hamahiru artista gazteen artean. Agertoki nagusiak Andra Mari plaza, Euskal Herria plaza, Zelaieta Kontzertu Gela, Vintage taberna eta Amorebieta IV frontoia izango dira, eta emanaldi guztiak doakoak izango dira, edukiera bete arte.
Gaur goizeko jaialdiaren aurkezpenean, Ainhoa Salterain alkateak nabarmendu du MusikagazFestek “gure gazteei musika sortzeko, partekatzeko eta euskaraz adierazteko espazio bat” eskaintzen diela, eta horrek herriko kaleak “sormenaren eta kulturaren topaleku” bihurtzen dituela. Bestalde, Gerediaga Elkarteko Beñat Gaztelurrutiak azaldu du parte hartuko duten talde batzuk Durangoko Azokako DA! PRO topaketetan hautatu zituztela. Hori dela eta, Musika Bulegoko Ruth Manzanoren iritziz, “topaketa horretatik igarotako taldeak egoteak ekimen honek sortzaileen ikusgaritasuna eta euskal musikaren profesionalizazioa sustatzen ditu”.
Jaialdia Amorebieta-Etxanoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Gerediaga Elkarteak, Musika Bulegoak eta Zornotzako Gazteak elkarteak elkarlanean antolatu dute. Antolatzaileen esanetan, helburua argia da: euskal musika sortzaile gazteen lana sustatzea, euskararen presentzia kultur eremuan indartzea eta musika zaleentzako topagune bizia eratzea.



