DOT Durangaldea

Bueltan da Zapatuero, gazteentzako jarduera kultural eta hezitzaile berriekin

Programan izen ematea martitzen honetan amaituko da

Izena emateko epea martitzen honetan bukatuko da

MALLABIA | Udalak berriro ekingo dio Zapatuero programari, herriko haur eta gazteei zuzendutako aisialdi-eskaintza sendo eta anitza berreskuratuz eta  belaunaldi berrientzat topaketa, parte-hartze eta ikaskuntza gune bat eskaintzeko helburuarekin. 

Hala, tailer, kultura eta kirol jarduera desberdinen bidez, 4 eta 10 urte bitarteko haurrei zein 11 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako egitarau egokitua eskainiko du larunbatean, uztaila eta abuztuan izan ezik, hilabete horietan ez baita jarduerarik izango. 

Horrez gain, programan izen ematea urtarrilaren 27ra bitarte izango da, eta izen-ematea Kultur Etxean egin beharko da, 9:30etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara bitarteko ordutegian. Taldeak honela banatuko dira: umeak, 2016 eta 2022 urteen artean jaiotakoak; eta gazteak, 2010 eta 2015 urteen artean jaiotakoak. Talde bakoitzeko gehieneko partaide kopurua 20 lagunekoa izango da.

Horrela, aisialdi alternatibo, hezitzaile eta irisgarria eskaintzen zaie herriko haur eta gazteei. Ekimenaren hileroko maiztasunak parte-hartze ohitura egonkor bat bultzatzea ahalbidetzen du, eta Mallabiko haur eta gazteen ongizatea eta garapen pertsonala sustatzen laguntzen du.

Zapatuero gizarte kohesioa sustatu, euskararen erabilera indartu eta berdintasuna, inklusioa, sormena, osasuna eta teknologiaren erabilera arduratsua bezalako balioak bultzatzea helburu duen ekimena da. Horrela, Udalak Mallabiko haur eta gazteen parte-hartze, berdintasun eta hezkuntza-garapenaren printzipioekin bat datorren aisialdi eskaintza egituratu eta irisgarri baten aldeko konpromisoa sendotzen du.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top