DOT Durangaldea

Elorriok mugikortasunaren diagnostikoa aurkeztu du

Azterlana Ingartek Consulting enpresak egin du, Bizkaiko Foru Aldundiko laguntzarekin

Diagnostikoak hainbat alderdi jorratu ditu

ELORRIO | Elorrioko Udalak Mugikortasunaren Diagnosia aurkeztu du, udalerriko mugikortasun-ereduaren egungo egoera aztertu eta etorkizuneko hobekuntzetarako oinarriak ezartzen dituen dokumentua. Azterlana Ingartek Consulting enpresak egin du, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Turismo Sailaren laguntzarekin.

Diagnostikoak hainbat alderdi jorratu ditu, besteak beste, azpiegiturak, garraio publikoaren erabilera, oinezkoen eta bizikletaren bidezko mugikortasuna, irisgarritasuna eta genero-ikuspegia. Prozesuak herritarren parte-hartze zabala izan du oinarri: 200 inkesta baino gehiago jaso dira, online zein aurrez aurre, eta elkarrizketa sakonak egin dira udal arduradun, teknikari eta herriko eragileekin.

Azterlanaren ondorio nagusien artean azpimarratzen da Elorriok eskualde mailan konektibitate ona duen arren, ibilgailu pribatuarekiko mendekotasun handia mantentzen duela. Bizkaibusen A3923 lineak (Bilbo–Durango–Elorrio) joan-etorrien ia erdia biltzen du, eta horrek garraio publikoaren pisua erakusten du. Aldi berean, mugikortasun aktiboa —oinez edo bizikletaz— indartzeko aukera handiak daudela ondorioztatu da, batez ere ibilbide seguruago eta jarraituagoak sortuz.

Halaber, diagnostikoak beharrezkotzat jotzen du irisgarritasun unibertsalean, genero-berdintasunean eta espazio publikoen diseinuan aurrera egitea, mugikortasun eredu orekatuagoa eta jasangarriagoa sustatzeko.

Herritarren ekarpenek argi utzi dute lehentasunen artean daudela bide-segurtasuna hobetzea, espazio publikoaren antolamendua berrikustea, bizikleta-sarea zabaltzea eta garraio publikoaren maiztasuna handitzea. Diagnostiko honek etorkizuneko Mugikortasun Planaren oinarriak jarriko ditu, Elorrion mugitzeko moduak hobetzeko helburuarekin.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top