Sorkuntza fotovoltaikoko sistemak partekatutako autokontsumo-modalitatean jardungo du

AMOREBIETA-ETXANO | Amorebieta-Etxanok eguzki-energia fotovoltaikoko instalazio berriak jarri ditu martxan udalerriko bi eraikin publikotan: Luis Urrengoetxea haurreskolan eta Larreako eskola publikoan (Lehen Hezkuntza). Bi eguzki-energia instalazioak martxan daude jada, eta elektrizitatea sortzen ari dira eta horrek pauso sendoa suposatzen du udalerria energia-eredu jasangarriago eta ingurumenarekiko arduratsuago baterantz bideratzeko.
Instalazio berri horiek udalerrian lehendik zeudenei gehitzen zaizkie, hala nola Zelaieta Zentroko 20 kW-ko eguzki-instalazioa, 2011z geroztik martxan dagoena; San Juan-Urritxeko edateko ura tratatzeko estazioko 24 kW-eko instalazioa, 2023ko otsailean martxan jarria; eta instalazio fotovoltaiko isolatuak, San Juan Ergoiengo eta Epaltzako ur-biltegietan kokatuak.
Horrez gain, Larrea kiroldegiak 100 kW-eko eguzki-instalazio fotovoltaikoa du 2024tik, eta hori ere martxan dago.
Orain arteko ekoizpen datuek honako emaitzak erakusten dituzte:
- Luis Urrengoetxea haurreskola: 11,1 kWh sortu dira, 30 kWp-ko potentzia instalatuarekin.
- Larrea Eskola (Lehen Hezkuntza): 58 kWh sortu dira, 60 kWp-ko instalazioari esker.
- Eskola-instalazioen egungo potentzia, guztira: 90kW
- Lote osoaren potentzia guztira (Larrea kiroldegia barne): 190kW
Sorkuntza fotovoltaikoko sistemak partekatutako autokontsumo-modalitatean jardungo du soberakinekin. Horri esker, eraikinek sortutako energia udal-hornidura elektrikoko 6 puntutan banatzen da, eta kontsumitzen dutena baino gehiago sortuz gero, geratzen den sobreakina sare elektrikora bideratzen da.
Instalazio hauek Udalaren estrategia orokorrago baten parte dira, eta estrategia horren helburu nagusiak eraikin publikoen energia-faktura jaistea, karbono aztarna murriztea eta hurbileko energia berriztagarriaren erabilera sustatzea dira.
Gainera, instalazio hauek martxan jartzeko Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) laguntza jaso du Amorebieta-Etxanoko Udalak, autokontsumo elektrikoa sustatzeko laguntza-ildoaren baitan.
Zehazki, honako laguntza hauek jaso ditu EEEtik:
- Luis Urrengoetxea Haurreskola (30 kW): 887,00 €
- Larrea Eskola (Lehen Hezkuntza) (60 kW): 310,40 €
- Larrea kiroldegia (100 kW): 500,80 €
Etorkizun jasangarria
Plaka fotovoltaikoak instalatzeko guztizko inbertsioa 263.196 €-koa izan da. Epe ertainera, instalazio horiei esker aurrezpen ekonomiko nabarmena aurreikusten da, eta udalerria energia-iturrien mendekotasunetik urruntzen lagunduko du, kontsumo garbiago eta eraginkorragoa bermatuz.
Amorebieta-Etxanoko Udalak azpimarratu du ekimen honek indartu egiten duela trantsizio energetikoarekiko, ingurumenaren zaintzarekiko eta udalerriko bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko duen konpromisoa, azpiegitura berdeago, autosufizienteago eta arduratsuagoei esker.


