DOT Durangaldea

Khea Ziaterren ‘Scrooge eta Mamuak’ antzezlanak irekiko du Antzerkiño jaialdia

Sarrerak Errota Kultur Etxean eta Udal Mediatekan daude salgai dagoeneko

Lehen antzezlana zapatu honetan izango da Errotan

ABADIÑO | Azaroaren 15ean hasiko da Antzerkiño, Abadiñoko Antzerki Jaialdia. Abadiñoko Udalak Banarte Antzerki Taldearekin elkarlanean antolatzen du jaialdia, eta, aurten, gainera, berezia izango da: hamargarren aldia beteko du. Estreinako aldiz, Txanporta Kultur Klubak proposatutako obra bat egongo da programazioan.

Khea Ziater konpainiaren Scrooge eta Mamuak antzezlanak irekiko du aurtengo aldia, 17:00etan, Errota Kultur Etxean. Ebenezer Scroogeren istorioa kontatuko da, diruarekin obsesionatuta dagoen bankari berekoi eta zekenarena, maitasunean sinesteari utzi diona. Gau batean, hil berria den Marley bere bazkidearen mamua agertuko zaio. Honek salbatzeko azken aukera bat eskainiko dio Scroogeri, hiru mamu bisitatzea proposatuz. Haiekin batera, Scroogek bere iragana berpiztuko du, orainaz jabetuko da, eta espero duen etorkizun tristeari erreparatuko dio.

Azaroaren 16an, El Inconveniente obra taularatuko du Tela Marinera konpainiak, 19:00etan, Errota Kultur Etxean. Higiezinen agente baten bidez salgai jarri du bere pisua Lolak, baldintza oso zehatz bat jarrita. Sarak pisua erosiko dio inbertsio gisa, erdi-merke dagoelako eta benetako pagotxa delako, saltzaileak jarritako baldintza gorabehera. Obran zehar, emakume biek ikasiko dute John Lennonen esaldi famatua: “Bizitza da gertatzen ari zaizun hori zuk beste plan batzuk egiten ari zaren bitartean”.

Astebete barru izango da hurrengo hitzordua, azaroaren 21ean, Taula konpainiaren Hil da jainkosa egongo da ikusgai, 20:00etan, Txanporta Kultur Etxean. Denok diseinatu nahi dugu gure bizitzaren agurra. Gogoratuak izan nahi dugu. Barre eta hausnarketa artean, tradizioak zalantzan jartzen dituzte bi emakumeek eta, azkenean, gure ondarearekin gehiegi obsesionatuta ote gauden galdetzen diote haien buruari.

Hurrengo egunean, berriz, Txalo Produkzioak konpainiak Artea obra oholtzaratuko du 19:00etan, Errota Kultur Etxean. Hiru lagunen arteko istorioak kontatuko dira. Sergiok koadro moderno bat erosi du dirutza handia ordaindu ondoren. Marcosek gorrotoa dio koadroari, gainera kostatzen zaio sinistea Sergiori koadroa benetan gustatzen zaionik. Hirugarren laguna, Ibon, saiatzen da Marcos eta Sergioren arteko desadostasunean bitartekari izaten. Arte modernoari buruzko azaleko desadostasuna dena adiskidetasunari buruzko eztabaida latza bihurtzen da, Ibon erdi-erdian hartuta.

Métrica Pura konpainiaren 5 segundos y 120 kilos antzezlanak itxiko du jaialdiaren hamargarren aldia, 19:00etan, Errota Kultur Etxean. Itxialdiko gau batean, emakume batek bere blokeko ezezagun baten atea jotzen du ustekabeko proposamen bat egiteko. Hasiera topaketa arraro baten itxura daukana, berehala bihurtzen da bidaia bat zoriari, patuari eta bizitzari aurre egiteko ditugun moduei buruzko emozioz, galderez eta aurkikuntzaz betea.

Monika Iglesias Kultura zinegotziaren hitzetan: “Hunkigarria da Antzerkiño jaialdiak hamargarren urteurrena betetzea. Esfortzuz eta talentuz betetako hamar urte izan dira, eta hori posible egin duten pertsona eta talde guztiei eman nahi dizkiegu eskerrak. Horrela jarrai dezala urte askoan”.

Emanaldi guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko Errota Kultur Etxean eta Udal Mediatekan. ​

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top