Anna Morales (SizeMatters) edo alexby11 youtuberra bezalako artistek hartuko dute parte eta Dragoi Bola Super telesailaren aurkezpen ekitaldia ere egingo da

AMOREBIETA-ETXANO | Asteburu honetan, japoniar kultura, manga, animea, bideojokoa eta askoz gehiago batuko dira Amorebieta-Etxanon Mangamore jaialdiaren hemeretzigarren edizioa ospatzeko. Jaialdi hau hitzordu finkoa da jada udalerrian eta aurten, urriaren 11n eta 12an ospatuko da, udalerriko hainbat gunetan publiko guztiarentzako jarduerekin.
Gainera, edizio honetako berrikuntza gisa, ekintza eta ekitaldien ez dute etenik izango eguerdian, eta, beraz, bertaratzen direnek programazioaz gozatu ahal izango dute egun osoan zehar, goizetik arratsaldera bitartean.
Jaialdiaren espazioak eta ekintzak
Mangamore udalerriko lau espaziotan zehar ospatuko da eta bakoitzak egitarau propioa izango du, bertaratzen direnei anitzez gozatzeko aukera eskainiz.
1. Amorebieta IV pilotalekua
Espazio hau jaialdiko jarduera eszeniko eta kulturalen agertoki nagusia izango da: cosplay, karaokea, asian dance, hitzaldiak, zuzeneko showak, errezitaldiak, arte martzialen erakustaldiak edo eduki sortzaileekin hitzaldiak, besteak beste.
2. Zelaieta zentroa
Zelaieta Zentroa jaialdiaren gune interaktibo eta parte-hartzailea izango da, bereziki gazteentzat eta familientzat diseinatutako guneekin. Bertan, stand ez-komertzialeko gunea eta familia-gunea egongo dira, haurrentzako tailer eta jolasekin; eskulanak eta sormen-tailerrak (origamia, txapak eta japoniar idazkera) egiteko gunea; eta bideojoko eta arcade aretoa, asteburu osoan zehar zabalik egongo dena. Rol partidetan, karta txapelketetan, erakusketa kulturaletan eta ilustrazioetan ere parte hartu ahal izango da, baita Kaidan Taldeak antolatutako beldurrezko pasarte misteriotsuan ere. Gainera, Scalextric Sari Nagusia izango da, trebetasuna, lehiaketa eta oroimenak uztartzen dituen proposamena.
- Zelaieta parkea
Kanpoaldean, Zelaieta parkeak Japoniako manga, anime eta kulturarekin zerikusia duten denda eta standak (Artist Alley) izango ditu. Horrekin batera, gune gastronomiko bat egongo da da, eta Star Wars Legion 501 eta Kiosko Spare guneak ere bisitatu ahal izango dira, eszenografia eta unibertso galaktikoko pertsonaiak ezagutzeko. Azkenik, Txu Txu tren tradizionala ere izango da, Gudari kalean geldialdia eginez.4. Zornotza Aretoa eta Herriko Plaza
Mangamore-ren programazioa Zornotza Aretora ere zabalduko da; bertan bideojokoen txapelketak egingo dira zinema-pantailan. Bestalde, Herriko Plazan puzgarriak egongo dira txikienentzat asteburu osoan zehar, baita umore horiko zirkuituak ere.
Jarduera nabarmenak
Mangamore-ren programazio zabalaren baitan, zientzia, entretenimendua eta pop kultura uztartzen dituzten lehen mailako gonbidatuak ere izango dira. Hauek dira edizio honetako ekintza nabarmenetako batzuk.
Anna Morales (SizeMatters)
Estatuko zientzia-dibulgatzaile ezagunenetaa da eta “Ciencia con Pokémon” ikuskizuna aurkeztuko du hitzaldi bisual eta interaktibo batean. Bertan, Pikachu edo Bulbasaur bezalako Pokemonen atzean dagoen zientzia azalduko du, ilustrazioa, biologia eta pop kultura uztartuz.
Alexby11
Eragin handiko youtuber honek 8 milioi harpidedun baino gehiago batzen ditu eta Mangamoren izango da, bere jarraitzaileekin batera jarduera batean parte hartzeko. YouTube sortu zenetik, Alexby11k leku garrantzitsua lortu du gamer komunitatean.
Dragoi Bola Super, orain euskaraz
Ostiralean, azaroaren 11n, 16:00etan, Zelaietan Dragoi Bola Super telesail berriaren euskarazko bikoizketa aurkeztuko da. Telesaila azaroan aurkeztuko da Makusi plataforman baina Mangamoren, telesaileko bikoizketa ahots taldeak parte hartuko du: Amaia Ugartemendia (Ladybug), Andrea Sanz (Dora esploratzailea), Gaizka Soria (Raphael ninja dortoka), Igone González (SuperDino), eta artista gehiago izango dira ekitaldian.
Artista zornotzarren parte-hartzea, funtsezkoa Mangamoren
Mangamorek bere tokiko izaera eta izaera inklusiboa indartzen du urtero, Amorebieta-Etxanoko artista, denda eta kultur eragileen presentzia sustatuz.
Edizio honetan Erikainblueshop, Gorgoku-art, Shxro7 eta Pawttea ilustratzaile eta sortzaileak nabarmentzen dira, Zelaieta zentroan gune propioa izango dutenak. Herriko Jack ‘s Cave Shop dendak ere parte hartuko du Zelaieta parkeko merkataritza-gunean eta Forjadores elkarteak rol jokoen eta Magic txapelketaren antolakuntzan egingo du lan.
Gainera, Luis Urrengoetxea kalean dagoen Antxeta by Taberu tabernak Mangamore pintxo berezia eskainiko du asteburu osoan zehar eta Zornotza Musika Bandak ere kontzertua eskainiko du asteburuan zehar.
Japonia tradizionalak ere lekua izango du Mangamoren
Manga eta animetik haratago, Mangamorek espazio garrantzitsua ematen die japoniar kulturaren adierazpen tradizionalenei.
Horien baitan kokatzen da KAZEOTO taldearen kontzertua, ostiralean, hilak 11, 16:00etan Amorebieta IV pilotalekuan. Errezitaldiak Tsugaru Shamisen, Shinbone eta taiko instrumentu tradizionalekin egindako musika errezitaldia eskainiko du.
Larunbatean, halaber Zelaieta Zentroan tearen zeremoniaren erakustaldi bat egingo da (Chado), Mina no Kimonoren eskutik. Igandean, berriz, Laura Maraver adituaren txanda izango da. Kitsukearen artea, kimonoa janzteko teknika tradizionala, erakutsiko du frontoian, sinboliko bezain konplexua. Horrez gain, asteburu osoan zehar, Zelaieta Zentroko lehen solairuan, Onuki Collectionek antolatutako “Tori” arte erakusketa japoniarra bisitatu ahal izango da.
Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak ekitaldiaren balio kultural eta komunitarioa azpimarratu nahi izan du:
“Mangamore Japoniako manga edo kulturari buruzko jaialdi bat baino askoz gehiago da. Sormena, tokiko parte-hartzea eta belaunaldien arteko topaketa batzen dituen hitzordua da. Urtero, milaka lagunek bisitatzen gaituzte eta Amorebieta-Etxano erreferentziazko kultur-gune bihurtzen da. Harro egoteko modukoa da proiektu urtet8ik urtera hazten doala ikustea, baita zornotzarren talentua jasotzen jarraitzen duela ikustea ere”.
Sarrera librea eta informazio gehigarria
Mangamoreko jarduera guztiak doakoak izango dira, aforoa bete arte. Jaialdiari buruzko informazio guztia mangamore.eus webgunean dago eskuragarri.