DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Ganeko igerilekuak 23.624 erabiltzaile jaso ditu udan

Udako denboraldian, Ganeko igerilekuak 23.624 erabiltzaile izan ditu eta ekaina izan da hilabeterik jendetsuena, 10.710 sarrerekin

Ganeko igerilekuak 23.624 erabiltzaile jaso ditu guztira

AMOREBIETA-ETXANO | Udako denboraldia jada amaituta, Ganeko igerilekuaren erabileraren inguruan oso balantze positiboa egin du Amorebieta-Etxanoko Udalak. Izan ere, aurten, aurreko urteetan baino hilabete gehiagoz ireki ditu ateak, eta erabiltzaile asko izan ditu.

Era berean, Larrea kiroldegian hasi dira jada udazkeneko kirol ikastaroak, parte-hartze eta matrikulazio askorekin.

Udako denboraldian, ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean, Ganeko igerilekuak 23.624 erabiltzaile jaso ditu guztira, eta zerbitzuak harrera ezin hobea izan du herritarren artean. Ekaina izan da hilabeterik jendetsuena, 10.710 sarrera batu baititu. Uztailean 5.627 sarrera izan dira, abuztuan, 6.305 eta irailean, aldiz, 982. Sarrera patroi horrek udako lehen hilabeteak jendetsuenak izan direla erakusten du.

Aurten, berrikuntza gisa, Ganek ekainaren 1ean zabaldu zituen ateak, ohikoa baino 15 egun lehenago, eta jende ugari bildu zen lehen hamabostaldian, 2.402 sarrerarekin. Beraz, igerilekuen irekiera aurreratzeak oso harrera ona izan du herritarren artean, eta denboraldi hasiera arrakastatsua ahalbidetu du. Halaber, 221 abonu erregistratu dira.

Bestalde, uda honetan lehen aldiz food truck zerbitzua eskaini da Ganen eta hau ere oso positiboki baloratu dute erabiltzaileek, igerilekuko aisialdi- eta gozamen-esperientziari balio erantsia emanez. 

Urriaren 1ean hasi ziren kirol ikastaroak Larrea kiroldegian. Guztira, 9 kirol-modalitate jarri dira martxan, 23 taldetan banatuta eta 354 plazarekin. Erantzuna oso positiboa izan da: 316 plaza bete dira, hau da, % 89,3ko okupazioa, eta 93 pertsona geratu dira itxaron-zerrendan.

Eskaera handi horren aurrean, batez ere GAP eta pilates jardueretan, Udalak eskaintza zabaltzea erabaki du 3 talde berrirekin, hau da, 48 plaza gehiago. Neurri honi esker, itxaron-zerrendaren zati handi bat jarduera horietan sartu ahal izango da, eta horiez haratago, pertsona gehiagok izango dute udalaren kirol-modalitate horiez gozatzeko aukera.

Gaur egun, bi modalitateetan plaza libreak daude oraindik, eta, beraz, pertsona interesdunak izena ematera animatzen ditu Udalak, Larrea kiroldegira joanda, arreta ordutegiaren baitan.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top