DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Durangarrek 8,10ekin kalifikatu dute beren udalerria bizilekutzat

Udalaren inkesta baten arabera, EH Bilduk 10/9 zinegotzi lortuko lituzke, EAJk 8/9, PSEk 2/1, Herriaren Eskubidea 1 eta PPk 1

Inkesta pasadan ekainean egin zen

DURANGO | Durangoko Udalak jendaurrean jarri ditu Gizaker aholkularitza-enpresak 2025eko ekainean egindako “Herritarren beharrei, eskaerei, gogobetetzeari eta pertzepzioari buruzko azterlanaren” emaitzak.

Inkesta hau ekainaren 9tik 12ra bitartean egin zen, Durangon bizi diren 18 urtetik gorako 400 pertsonei telefonoz egindako elkarrizketen bidez, lagin adierazgarri baten bitartez.

Bizitzeko ondo baloratutako udalerria

Azterlanaren ondorio nagusietako bat da herritarrek Durango oso gustura ikusten dutela bizitzeko leku gisa. Batez besteko nota 8,10ekoa izan da.

Inkestak, era berean, hobetzeko eremu batzuk ere azaleratu ditu. Etxebizitzaren eskasia, bereziki babestutako edo alokairuko etxebizitzen falta, udalerriko arazo nagusietako bat bezala aipatu da. Inkestatutakoen %91k uste du Durangok etxebizitza babestu gehiago behar dituela.

Etxebizitzaz gain, kezka nagusien artean aparkaleku falta, hiri-garbiketa, trafikoa, kutsadura, osasun zerbitzuetan gabeziak (bereziki arratsaldeko pediatrian), eta gazteei zuzendutako aisialdi eskaintza urria daude.

Norbanakoaren ikuspegitik, zailtasun ekonomikoak, osasun fisiko edo mentaleko arazoak, mugikortasun-arazoak eta lan-egonkortasunik eza aipatu dituzte gehienek. Arazo horiek guztiek udalerriaren pertzepzio orokorrean eragina dutela agerian geratu da.

Udal zerbitzuen eta proiektuen balorazioa

Zerbitzu publikoei dagokienez, herritarrek positiboki baloratzen dituzte kirola (7,57), kultura (7,45), berdintasuna (7,30), euskara (7,18), gizarte zerbitzuak (7,16) eta turismoa (7,11). Beste zerbitzu batzuek, hala nola osasunak (6,49), hirigintzak (6,68) eta sustapen ekonomikoak (6,58), puntuazio apalagoak jasotzen dituzte.

Azterlanak Durangoren etorkizunari begira dauden hainbat proiektu estrategikoren inguruko iritziak ere jasotzen ditu. Premia handieneko ekimenen artean balorazio altuenak jaso dituztenak honako hauek dira: Adinekoen Zentroaren hobekuntza (8,51), Merkatu Plazaren berrurbanizazioa (8,11), haurrentzako jolasen estaltzea (8,01), Tabirako kirol gunearen berritzea (7,99), Bereizmen Handiko Osasun Zentro berria (7,96), Plateruena Musika Aterpea (7,75), Pinondo Etxean kultur etxea (7,68), Ekonomia sustatzeko zentroa eta industria lurzoruak (7,38) eta Udaletxeko plaza handitzea, Correoseko eraikina eraitsi ondoren (6,92).

Mugikortasuna eta aparkalekua, hobetzeko arloak

Azterketaren arabera, hiri mugikortasuna eta aparkalekuen kudeaketa dira kezka nagusietako batzuk. Durangon aparkatzea ez da erraza, eta horrek balorazio baxua eragin du: batez besteko puntuazioa 4,83koa izan da. Inkestatutakoen %26,8k soilik uste du aparkaleku nahikoa dagoela, eta OTA sistemaren inguruan, %44,5ek hobetu beharrekoa dela iritzi dute.

Aldiz, mugikortasun jasangarria sustatzeko neurriak hobe baloratu dira. Herritarrek positiboki ikusten dituzte oinezkoentzako guneak sortzea eta espaloien hobekuntza, 7,46 punturekin, baita bidegorriak eta bizikleta-aparkalekuak erabilita bizikletaren erabilera sustatzeko ahaleginak ere, 7,44 punturekin. Balorazio onenak, gainera, gazteen artean jaso dira.

Segurtasuna, garbitasuna eta argiteria

Segurtasunaren inguruko pertzepzioa oro har positiboa da. Inkestatutakoen %70,3k adierazi du gauez Durangon oinez ibiltzean seguru sentitzen dela.

Garbiketari dagokionez, nahiz eta oraindik hobetu beharreko arlotzat jotzen den, 7,04 puntuko batez besteko balorazioa jaso du. Argiteria publikoari dagokionez, berriz, puntuazioa 6,46koa da, eta aldeak nabari dira auzoen eta adin-taldeen arabera.

Balorazio politikoak

Udalaren jarduera orokorrak 6,62 puntuko batez besteko balorazioa jasotzen du 10etik.

Egungo alkateak, Mireia Elkoroiribek (EAJ-PNV), 6,33 puntuko batez besteko balorazioa lortu du, eta herritarren artean duen ezagutza oso handia da, %91,6koa. Inma Garrastatxuk (EH Bildu) 6,76 puntu eskuratu ditu eta ezagutzaren maila %65,3koa da. Jesica Ruizek (PSE-EE) 5,32 puntu jaso ditu eta %47,5eko ezagutza du. Jorge Varelak (Herriaren Eskubidea) 5,64 puntuko balorazioa lortu du eta ezagutza %43koa da. Carlos Garciak (PP), berriz, 2,98 puntu lortu ditu eta %41,3ko ezagutza du.

2025eko ekaineko boto-asmoaren aurreikuspena:

  • EH Bildu: 10 edo 9 zinegotzi. Oraingo ordezkaritza: 9 zinegotzi.
  • EAJ-PNV: 8 edo 9 zinegotzi. Oraingo ordezkaritza: 8 zinegotzi.
  • PSE-EE: 1 edo 2 zinegotzi. Oraingo ordezkaritza: 2 zinegotzi.
  • Elkarrekin Podemos: 1 zinegotzi. Oraingo ordezkaritza: 1 zinegotzi.
  • PP: 1 zinegotzi. Oraingo ordezkaritza: 1 zinegotzi.

Parte-hartze estimatua %66 ingurukoa da.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top