Larunbatean, egun osoan zehar, hainbat proba izango dira eta euretako bat berria da: Untzillaitz Zuzen

MAÑARIA | Iazko arrakastaren ostean, Mañaritik Atxetara probak bigarren edizioa beteko du irailaren 19an eta 20an. Aurten ere askotariko lasterketak izango dira plater nagusia, baina ez bakarra, Eñaut Elorrietaren musika kontzertuarekin eta bestelako ekimenekin gozatzeko aukera ere egongo delako egitarau zabalaren barruan.
Mañaria mendi korrikalarien topagune bihurtuko da irailaren 20ko larunbatean. 43 kilometroko lasterketa luzearekin hasiko dute eguna, 08:00etan. Korrikalariek 3.900 metroko desnibel positiboari aurre egingo diote, Artatxagane, Leungane, Astxiki, Urkiolamendi eta Untzillaitz lako tontorretatik zehar. 09:00etan, 22 kilometroko proba hasiko da. Ibilbide eramangarriagoa du, baina gogorra da hala ere, 2.000 metroko desnibelarekin.
Hurrengo hasiko den lasterketa nobedadea da: Untzillaitz Zuzen. Parte hartzaileak Mañaritik Untzillaitz gainera igoko dira zuzenean, ibilbide labur bezain gogorra jarraituz: 750 metroko desnibela, 2,9 kilometrotan. Mendia beste modu batera gozatu gura dutenek 09:30ean hasiko den mendi martxarekin dute horretarako aukera. Azkenik, txikienen artean zaletasuna pizteko, umeen lasterketak antolatuko dituzte 16:00etatik aurrera. Esandako moduan, bestelako ekimenak ere izango dira. Horrela, Euskal Herriko Artzai Txakur Txapelketa egongo da Mañarian. Hasieran aurreikusita zegoena baino ordubete lehenago hasiko da,
18:00etan.
Eñaut Elorrietaren kontzertua
Irailaren 19an Eñaut Elorrietak kontzertua eskainiko du elizan udalak antolatuta. ‘Ateosteko Bira’ proiektuaren barruan, elizaz eliza kontzertu intimo eta bereziak eskaintzen ari da musikari gernikarra
eta Mañarian izango du hurrengo geltokia. Sarrera doakoa da aforoa bete arte. Egun berean, serigrafia tailerra egongo da Torontileren eskutik.