Jacinto Polo Ríos donostiarra 1936ko abenduaren 4an hil zen, Otxandioko frontean 20 urterekin

AMOREBIETA-ETXANO | ‘Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Programak’ emaitza positibo berri bat eman du Jacinto Polo Ríos genetikoki identifikatuz. Jacinto Polo Ríos donostiarra 1936ko abenduaren 4an hil zen, Otxandioko frontean, 20 urte zituela. CNTri atxikitako ‘Malatesta’ batailoiko gudularia zen.
Familiari identifikazioaren berri eman diote eta gorpuzkia Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan lurperatzeko nahia agertu du, modu pribatuan.
Identifikazio-prozesua EHUko Biomics laborategiak egin du, eta familiak emandako lagin genetikoa hezur-hondarrekin alderatuta.
Gogora Institutuak koordinatutako ‘Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Programa’ honako hauen lanaren bidez gauzatzen da: Euskal Prospekzio Taldea, Gerra Zibileko biktimen balizko ehorzketak aurkitzeaz arduratzen dena; Aranzadi Zientzia Elkartea, gorpuzkiak hobitik atera eta auzitegi-azterketa egiten duena; eta EHUko Biomics laborategia, DNA laginak aztertzeaz eta erkatzeaz arduratzen dena.
22 gorpuzki berri
Astelehenean, uztailaren 7an, hasi zen hilerrian gorpuak ateratzeko bosgarren kanpaina, eta orain arte beste 22 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu dituzte. Kopuru hori ez da behin betikoa, lurpetik ateratzeko lanak ez baitira oraindik amaitu.
22 pertsona horiek batuta, 149 dira dagoeneko hilerrian aurkitutako pertsonak, 2023an lehen desobiratze-kanpaina egin zenetik.
Hauek dira orain arte identifikatutakoak:
- Adolfo Cengotitabengoa Izurza, Muskizkoa (Bizkaia).
- Jaime Iñiguez Nieva, Ortuellakoa (Bizkaia).
- Enrique Contreras, Linaresekoa (Jaen) eta Aretxabaletakoa (Gipuzkoa).
- Ortuellako (Bizkaia) Benigno Hierro Pinedo.
- Jacinto Polo Ríos, Donostian jaioa (Gipuzkoa).
Centoitabengoa, Iñiguez y Hierro, Euskadiko Alderdi Komunistari atxikitako ‘Perezagua’ batailoiko milizianoak ziren, eta egun berean hil ziren, 1937ko apirilaren 7an, Barazarko frontean.
Enrique Contreras, EAJ-PNVri atxikitako ‘Sarasketa’ batailoiko gudaria, egun bat lehenago hil zen, apirilaren 6an, Diman, Barazar inguruan.
Zonaldeak eta datak bat datozela ikusita, Gogora Institutuak berriro dei egiten die data edo fronte horietan desagertutako gudularien senideak harremanetan jar daitezen.
gogora@euskadi.eus | 944032845