Aurten 45 urte betetzen dituen Gizarte Ongizate, Berdintasun, Immigrazio eta Lankidetzarako Udal Kontseiluak jaien hasierako txupinazoa botako du

BERRIZ | Berrizen dena prest dago San Pedro eta Santa Isabel jaiak ospatzeko. Ekainaren 27tik uztailaren 2ra hainbat ekimen eta ekitaldi izango dira, eta Dantzari Dantza, erromeriak, gastronomia lehiaketak, umeentzako jolasak eta kirol ekitaldiak ez dira faltako.
Jaien hasiera hilaren 27an izango da, pregoia eta txupinazoarekin, 19:00etan, aurten 45 urte betetzen dituen Gizarte Ongizate, Berdintasun, Immigrazio eta Lankidetzaren Udal Kontseiluaren eskutik. Ondoren, Jaietako Kartel Lehiaketako sariak banatuko dira eta, urtero bezala, Sardina-Jana egingo da. 20:00etan Donien Atxa dantzaldia eta Dantzari Dantzaren entsegu orokorra izango dira, eta 21:30ean erromeria hasiko da Luhartz taldearekin Elizondo plazan. Gauari amaiera emateko, Txosnaguneko kontzertuak izango dira 23:00etatik aurrera, OLD TIME SPOOKS eta Gailu taldeekin.
Larunbatean, ekainak 28, goizeko 10:00etan koadrilen bazkarirako plazen zozketarekin hasiko da. 11:00etan herri kirolak izango dira txikienentzat, eta, amaieran, 12:00etan, “Txapelketa Ofiziala” herri kirolen ekitaldia egingo da. Bestalde,14:00etan paella lehiaketa izango da eta 15:00etan herri bazkaria.
Jardunaldiak musika bingo batekin jarraituko du eta Txosnagunean. 18:00etan mozorro jaitsieraren txanda izango da, Txosna Batzordeak antolatuta, eta 18:30ean Oihan Vegaren diskofesta Elizondo plazan. 19:00etan Igel Txapelketa hasiko da, izen-emate irekiarekin 18:30etik 19:00etara.
Gauean ere Oihan Vegak kontzertua eskainiko du 22:00etan Elizondo plazan, eta amaieran, DJ Maria Blessiveren txanda izango da. Bestalde, Txosnagunean, 23:00etatik aurrera, ‘Mi Buenaventura’ taldearen kontzertua eta erromeria Zutik taldearekin izango dira.
Programazioarekin jarraituz, ekainaren 29an, igandea, San Pedro eguna ospatuko da. Goizeko Meza Nagusia eta Dantzari Dantzaren ondoren, arratsaldeko 18:00etan Tio Teronen Semeak taldearen ‘Haurreskolari’ ikuskizuna izango da Elizondoko plazan, eta ondoren, 19:00etan, Bertso Saioa Txosnagunean. Azkenik, 20:00etan Dantzari Dantza egongo da, eta ondoren, BigBlack Rhino kontzertua eskolako patioan.
Ekainaren 30ean, astelehena, 12:30etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, txikienek haurrentzako ur parke batez gozatu ahal izango dute kiroldegiko aparlakeuan. 16:00etan bola-joko ikastaroa izango da bolatokian 8 eta 16 urte bitarteko haurrentzat, eta 17:00etan tiragoma txapelketa. Arratsaldean, 19:00etan, eskolako patioan zirku akrobatiko ikuskizun bat izango da, eta eguna 22:00etan amaituko da Oilar Beltzak taldearen rantxera emanaldiarekin Elizondo plazan.
Uztailaren 1ean, asteartea, goizeko 11:00etan, familientzako eskulan tailerrak egingo dira Udaletxeko lorategian, zapiak eta koloretako harea duten koadroak sortuz. Ordu berean hasiko da “DIWOAK bilatzen” yinkana, 19:00ak arte espazio berean.
Arratsaldean, 16:00etan, Mutilen III. eta Mistoen VI. Frontenis Txapelketaren finalak jokatuko dira Olakuetako pilotalekuan. Eta 19:00etan, txosna batzordeak antolatuta, DJ Marrazoren musika Urtiaga plazatik abiatuko da tabernak zeharkatuz zumba saio batekin amaituz..
Jardunaldiari amaiera emateko, erromeria egingo da 23:00etan Elizondo plazan, Altxa Porruren eskutik, eta Meison eta Lukiek taldeen kontzertuak izango dira Txosnagunean.
Jaiak uztailaren 2an, asteazkenean, amaituko dira, Santa Isabel egunean. Eguneko egitarauan Meza Nagusia eta Dantzari Dantza, jubilatuentzako bazkaria, gaztetxoentzako magia ikuskizuna, Txosnaguneko barbacoa eta Tortilla Lehiaketa izango dira. 2025eko jaiei amaiera emateko, Deabru Beltzak taldearen “Su Talka” emanaldia izango da.
Eraso matxistarik gabeko jaiak
Bestalde, jaiekin batera, Berrizko Udalak “Jaixetan be berdintasunean!” kanpaina jarri du martxan. Kanpaina horretan, informazio-espazioak eta prebentzio-zerbitzua eskainiko dira, bai eta indarkeria matxistaren aurrean jai-esparruan arreta emateko protokoloa ere.
Horretarako, jaien programan bertan indarkeria matxistei aurre egiteko dekalogoa eta Informazio zein aholkularitza jasotzeko telefonoen eta baliabideen zerrenda ere agertzen da. Bestalde, jaiek irauten duten egunetan informazio eta aholkularitza gune bat (puntu morea) egongo da bolatoki ondoan, ondorengo ordutegian: ekainak 27 eta 28, 18:30- 01:00; 29 eta 30:18:00-20:30; eta uztailak 1 eta 2an: 18:00-22:30.
Jaien egitarau osoa auzokideen etxean postontzietan banatuko da datozen egunetan.