Ertzaintzak guztira 10 pertsona atxilotu ditu Gasteizen, Bilbon, Amorebieta-Etxanon eta Basaurin

AMOREBIETA-ETXANO | Astearte honetan Ertzaintzak eta Polizia Nazionalak Euskadiko hiru lurralde historikoetan eta Estatuko probintzia batzuetan, hurrenez hurren, gauzatu duten operatibo batean 19 pertsona atxilotu ahal izan dira, guztiak nazioartean presentzia duen organizazio kriminal bateko kideak dira. Organizazioak atzerriko herrialdeetan emakumeak erakartzen zituen gero buruzagiek zuzenean kudeatutako etxebizitzetan sexualki esplotatzeko. Guztira 34 emakume askatu ahal izan dituzte.
Organizazio kriminalak sare sozialetako kanalen bidez eskaintzen zituen emakume hauen sexu-zerbitzuak luxuzko prostituzio gisa.
Ertzaintzaren Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Atal Nagusiak egindako ikerketa 2024ko urtarrilean hasi zen, eta horri esker egiaztatu ahal izan da organizazio kriminal horrek emakume ugari erakarri eta Espainiara eraman zituela sexu-esplotaziorako, liderrek kudeatutako etxebizitzetan prostituzioa eginez. Horretarako, konfiantzazko hainbat pertsona zituzten emakumeak kontrolatzeko, eta etxebizitzak Gasteizen, Bilbon, Irunen, Logroñon, Iruñean, Zaragozan eta Figueresen zituzten.
Ertzaintzak guztira 10 pertsona atxilotu ditu Gasteizen, Bilbon, Amorebieta-Etxanon eta Basaurin. Guztiak adierazitako organizazio kriminaleko kideak ziren, eta emakumeak garraiatzeaz eta zaintzeaz eta prostituzioa egiten zen etxebizitzak kontrolatzeaz arduratzen ziren. Gainera, 14 emakume askatzea lortu da, guztiak atzerritarrak dira.
Bestalde, Polizia Nazionalak 9 pertsona atxilotu ditu eta 20 emakume askatu ditu. Atxiloketak Irunen, Logroñon, Iruñean, Santanderren, Zaragozan eta Gironako Figueres herrian egin dituzte.
Egindako miaketetan dokumentazioa, dirua, droga eta atxilotuek erabiltzen zituzten ibilgailuak konfiskatu dituzte.
Atxilotuei organizazio kriminaleko kide izatea, gizakien salerosketa, prostituzio koaktiboa, atzerritarren eskubideen aurkako delitua, osasun publikoaren aurkako delitua eta kapitalak zuritzea leporatu dizkiete, eta polizia-eginbideak amaitutakoan jarriko dituzte agintari judizialaren eskuetan.
Euskadin askatutako emakumeak Polizia Nazionalaren egoitzara eraman dituzte dagozkien kudeaketa administratiboak egiteko. Era berean, Ertzaintzako agenteek lagundu diete Emakunderekin kudeaketak egiteko eta GKE espezializatuek biktima gisa laguntzeko.
Ordu hauetan operazioa zabalik dago, eta ez da baztertzen atxiloketa gehiago egitea.