Interesdunek beren eskaerak aurkeztu beharko dituzte Eusko Jaurlaritzako kontratazio publikoaren plataforma elektronikoaren bidez

DURANGO | Durangoko Udalak, Durango Kirolak erakunde autonomoaren bidez, Tabirako kirol-eremuan kokatutako udako igerilekuetako taberna-kafetegi zerbitzua emateko emakida kontratatzeko prozedura jarri du abian, igerilekuen irekieraren harira. Esleipena prozedura irekia erabiliz egingo da, gardentasun-printzipioa, lehia askea eta aukera-berdintasuna bermatuz.
Ostalaritza-zerbitzu bat kudeatzeko gaitasuna dutela egiaztatzen duten autonomoek edo enpresek aurkeztu ahal izango dituzte beren eskaintzak. Esleipen-prozesuan, besteak beste, baloratuko dira antzeko zerbitzuetan izandako lan-esperientzia, hostalaritzarekin lotutako titulu akademikoak, elikagaiak manipulatzeko prestakuntza espezifikoa, euskararen ezagutza eta emakumeen enplegua sustatzeko konpromisoa.
Esleipendunaren ardura taberna-kafetegi zerbitzua eskaintzea izango da, ekainaren 12tik irailaren 14ra bitartean, igerilekuen irekiera aldian. Halaber, espazioaren mantentze-lanak eta garbiketa bermatu beharko ditu, arau sanitarioak bete, ahal den neurrian bertako produktuak eskaini eta hondakinak behar bezala kudeatu. Produktuen tarifak ikusgai jartzea eta kexa-orriak eskuragarri izatea ere nahitaezkoa izango da.
Taberna irekitzeko ordutegia udako igerilekuen ordutegiarekin bat etorri beharko da, egunero irekita egongo delarik, astelehenetik igandera.
Kontratuaren iraupena urtebetekoa izango da. Hala ere, kontratua urtero beste bi urtez luzatu ahal izango da, betiere kontratuaren baldintzak eta ezaugarriak bere horretan mantentzen badira, eta, hala, gehienez lau urteko iraupena izan dezake.
Eskaintzak aurkezteko epea maiatzaren 6an bukatuko da, astelehena, 15:00etan. Interesdunek Eusko Jaurlaritzaren kontratazio publikoko plataforma elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak eta kontsultatu prozesuko dokumentazio guztia, esteka honetan.