Trenbide eta Untzillatxen herri-integrazioko lehen lanak amaitu dira, 118.580 euroko inbertsioarekin

DURANGO | Durangoko Udalak amaitu ditu trenbide zaharraren ingurumen-eraldaketaren 1. eta 3. faseetako lanak. Proiektu estrategiko honen helburua udalerria urbanistikoki batzea eta hamarkadetan herritarrentzat oztopo fisikoa izan den espazioa berreskuratzea da.
Lanak Trenbide eta Untzillatx kaleetan egin dira, eta trenbideko elementu zaharrak, besteak beste itxiturak eta geralekuko zorua, eraitsi dira 2.260 metro koadro baino gehiagoko berdegune berri bati bidea emanez. Horrez gain, hiri-altzari moderno berria jarri da eta argiteria publikoa hobetu da, betiere iraunkortasun, irisgarritasun eta paisaiaren integrazio irizpideekin bat eginez.
Lanek 118.580 euroko aurrekontua izan dute (BEZa barne) eta lau hilabeteko epean burutu dira. Obrak amaitzeak mugarri garrantzitsua suposatzen du Udalaren konpromisoan, herritarren ongizatearekin eta ingurune urbanoaren hobekuntzarekin.
“Legegintzaldi hasieratik proiektu hau gure lehentasunetako bat izan da. Durango batuago, irisgarriago eta bizigarriago bat nahi dugu pertsona guztientzat”, adierazi du Mireia Elkoroiribe alkateak, eta Sara Oceja Hirigintza saileko arduradunarekin batera.
Bigarren fasea, proiektuko asmo handiena duen fasea eta konplexuena, 2024ko abenduan amaitu zen idazketari dagokionez. 1,2 milioi euroko aurrekontua izango du, eta sektore-baimenak eskuratzeko izapideak martxan daude. Behin horiek lortuta, Udalak lanen lizitazioa hasiko du. Fase berri honek hamar hilabeteko iraupena izango du eta etorkizuneko Bide Berdea 2026ko bigarren seihilekorako prest egotea aurreikusten da.
Proiektu hau 2024ko apirilean Euskal Trenbide Sarearekin (ETS) sinatutako lagapen-hitzarmenaren baitan kokatzen da, eta horren bidez Durangok 9.300 metro koadro baino gehiagoko azalera berreskuratu zuen trenbidea lurperatu ondoren.
Mireia Elkoroiribe alkateak azpimarratu duenez, “proiektu hau Durangorekin eta durangar guztiekindugun konpromisoaren adierazgarri da. Legegintzaldiaren hasieratik argi izan genuen espazio hau eraldatzea premia urbanistiko bat ez ezik, aukera estrategikoa ere bazela durangarren bizi-kalitatea hobetzeko. Emandako hitza betetzea eta Durango batuago, irisgarriago eta bizigarriago baterantz aurrera egitea izan da gure lehentasuna, eta lehen fase horiek amaituta, aurrerapauso sendoa eman dugu udalerri eredu berri bat sendotzeko bidean. Burututako lanek ingurunea fisikoki hobetzeaz gain, Durango jasangarri, inklusibo eta kohesionatuago baterako egindako aurrerapausoaren ikur ere badira, non ongizate komuna eta ingurumenarekiko errespetua ekintza guztien gidari izango diren”.