DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

2025erako “Merkatu Plaza” ren proiektu “berritzailea” aurkeztu du Durangok

Merkatu Plaza berriaren diseinua hornidura-postuen emakidadunekin eta hainbat agenterekin landu da

Proiektua 2025ean gauzatuko da

DURANGO | Udalak urrats garrantzitsua eman zuen atzo, abenduak 19, Merkatu Plaza proiektua garatzeko. Izan ere, etorkizunean merkataritza-gune berritua osatuko duten eragileekin lan-bilera egin zuen. Topaketan, merkataritza-jarduera suspertzea eta udalerriari merkatu moderno eta funtzionala ematea helburu duen proiektuaren hasierako xehetasunak aurkeztu ziren.

2025ean, 334.770,42 eurokoa da proiektu hau gauzatzeko esleitutako guztizko aurrekontua. Zenbateko hori funtsezko hainbat partidatan banatzen da:

  • Garbiketa: 54. 770,42 euro.
  • Birgaitzea (proiektua eta obra): 250.000 euro.
  • Dinamizazioa: 30.000 euro.

Bileran aurkeztutako proiektuaren diseinua TYL arkitektura-estudioak egin du. Merkatu Plaza berriaren diseinuak modernitatearen eta tradizioaren arteko oreka ezin hobea adierazten du, Durangoko esentzia historikoa errespetatzen duen diseinu berritzailearekin. Espazio hau, kontu handiz proiektatua, merkatu funtzional eta erakargarri bihurtuko da 11 posturekin, merkatari eta bizilagunen beharrei erantzuten diena, gure nortasun kulturalarekin lotura duen bitartean. Bere arkitekturaren ildo garaikideek eta hautatutako materialek ingurune argitsu eta abegitsua sortzen dute, Durangoko jarduera ekonomiko eta soziala biziberritzeko pentsatua. Tailer eta ekitaldietarako eremu moldakorrak txertatzen dituenez, Merkatu Plaza merkataritza-lekua ez ezik, espazio dinamikoa ere izango da, non tradizioa eta komunitatea egongo diren bisitarien eguneroko esperientzia aberasteko.

Proiektuaren hurrengo urratsak

Udalak Merkatu Plaza gauzatzeko hurrengo ekintzak zehaztu ditu:

  1. Betearazte-proiektua egitea.
  2. Birgaitzeko obren lizitazioa.
  3. Lanpostuen emakidetarako lizitazio berria prestatzea.

Udalaren aurreikuspena da obrak 2025eko udan hastea, saltzaileengan ahalik eta eragin txikiena bermatzeko.

Merkatu Plaza proiektuaren helburuen artean dago herritarren parte-hartzea sustatzen duten jarduerak hartuko dituen gune bat sortzea. Ildo horretan, sukaldaritzako tailerrak, ikastaroak eta janari-edarien dastatzeak egiteko proposamenak baloratzen ari dira, merkatua auzokide eta bisitarientzako topaleku eta gozagarri izan dadin. Ekimen horiek garapen-fasean daude, eta proiektuaren hurrengo etapetan zehaztuko dira.

Mireia Elkoroiribe alkateak nabarmendu duenez, “Merkatu Plaza birgaitze proiektu bat baino askoz gehiago da; Durangoko bizitza bultzatzeko zutabe estrategikoa da, lehen sektorea indartuz, gure tokiko ekoizleei laguntza irmoa emanez, eta baita hirugarren sektorea ere, merkataritza dinamizatu eta herritar guztientzako espazio moderno eta irisgarri bat sortuz. Merkatu hau erosteko lekua ez ezik, tradizioa eta modernitatea uztartuko dituen topagunea ere izango da, gure nortasun durangarra indartuz. Udaletik ilusioz hartzen dugu erronka hau, jakinda gure udalerriko bizitza ekonomikoa, soziala eta kulturala aberasten lagunduko duela”.

Udal Gobernuak tokiko ekoizleen eta negozioen parte-hartzea eskertu du, eta jarduera ekonomikoa sustatuko duen, ehun komertziala indartuko duen eta bizilagunentzako topagune bihurtuko den gune bat sortzeko konpromisoa berretsi du.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top