DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Zornotzako ZUOK gazte parte-hartze ekimenak gazteentzako lan-poltsa sortu du

Lan poltsaren helburu nagusia da 16 eta 24 urte bitarteko gazte zornotzarrei Udalak antolatutako ekintzetan lehen lan-esperientziak eskaintzea

Ezinbestekoa izango da 16 eta 24 urte bitartean izatea eta Amorebieta-Etxanon erroldatuta egotea

AMOREBIETA-ETXANO |  Udalak gazteen aldeko apustua egiten jarraitzen du, eta horri lotuta, lehen aldiz, zornotzar gazteen lan-poltsa sortu nahi du, udalerrian erroldatuta dauden 16 eta 24 urte bitarteko gazteekin.

Ekimen honek Udalak antolatutako kultur, kirol edota jai ekitaldietan laguntzaile gisa lan eginez lehen lan esperientziak izateko aukera eskaintzen du, gazteei lan mundura modu praktikoan eta gertukoan hurbiltzeko aukera emanez. Modu horretara, gazteek Olentzeroren desfilean zein Haizetara, Marmitako edo MusikaGazt bezalako ekintzetan lana egin eta laguntzeko aukera izango dute, besteak beste.

Amorebieta-Etxanoko gazteen enplegurako lan-poltsan izena emateko aukera zabalik dago, eta aurrez aurre egin daiteke Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan edo online, esteka honetan. Izena emateko, esan bezala, ezinbestekoa izango da 16 eta 24 urte bitartean izatea eta Amorebieta-Etxanon erroldatuta egotea.

Amorebieta-Etxanoko gazte bulegoa berrituz

Era berean, ZUOK ekimenaren bitartez eta Arkalaz estrategiaren baitan kokatuta, Amorebieta-Etxanoko gazte bulegoa hobetzeko prozesuari ere ekin dio Udalak.

ZUOK partaidetza-prozesuak 20 eta 28 urte bitarteko gazte talde bati zuzenduta ekin zion iaz, eta bost lan-saiotan zehar, udalerria hobetzeko proiektuak diseinatu eta proposatu zituzten gazte zornotzarrek funtsezko arloetan, hala nola aisialdian, emantzipazioan, prestakuntzan eta enpleguan.

Oraingoan, gazteen parte-hartzea 18 eta 30 urte bitarteko zornotzarrei zabaldu die Udalak eta kasu honetan, lehen fasetik eratorritako gazteen enplegu-bulegoa hobetzeko proiektuari heldu dio. Hala, gazteen ekarpenak jasotzeko, datorren ekainaren 7an jardunaldi parte-hartzailea antolatu du, 10:00etatik 12:00etara, Zelaieta Zentroan. Bertan, gazteek beren ideiak eta proposamenak partekatu ahal izango dituzte.

Interesa dutenek izena eman dezakete zuok@amorebieta.eus helbidera mezu bat bidaliz, jardunaldira zuzenean joanez edo online eskuragarri dagoen galdetegia betez, ahalik eta parte-hartze handiena bermatzeko. Helburua da gazte bulegoa erabilgarriagoa eta gazte zornotzarren benetako eskaeretara egokitua izatea, Udalaren eta bere gazteen arteko lotura indartuz.

“Amorebieta-Etxanon gure gazteen aldeko apustu sendoa egiten dugu. Horregatik, Udaletik lan-munduan lehen urratsak eman ditzaten aukera errealak eskaini nahi dizkiegu, gainera, gure udalerriko kultura- eta gizarte-bizitzan aktiboki parte hartzen duten bitartean. Gazteen enplegu-poltsa eta ZUOK ekimena funtsezko tresnak dira haien ahotsak entzuteko, ideiak jasotzeko eta gazteen garapen pertsonal eta profesionalean laguntzeko. Ziur gaude proiektu hauek bultzatuz, Amorebieta-Etxano dinamikoagoa, parte-hartzaileagoa eta guztiontzat etorkizuna izango duena eraikitzen laguntzen dugula”.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top