Proiektu hau udal gobernuaren legealdiko asmo handiko proiektu estrategikoena bihurtu da

AMOREBIETA-ETXANO | Udal Gobernuak aurrera egiten jarraitzen du legealdiko proiektu estrategiko eta anbiziotsueneanan: Karmen kalearen berritzea. Eremu hau udalerriko bizitzaren ardatz nagusietako bat da eta lehen egunetik, tokiko gobernuak udalerriko erdigunea espazio irisgarriagoa eta jasangarriagoa bihurtzeko konpromisoa betetzeko lan egin du, pertsonak eta herriko ingurunea lehenetsiz.
Ainhoa Salterain alkateak proiektuaren garrantzia nabarmendu du, eta azpimarratu du proiektu honek Karmen kalea modernizatzeko beharrari erantzuteaz gain, espazio hau Amorebieta-Etxanoko erdigune gisa berreskuratzeko helburua ere baduela. “Proiektu hau ez da kale baten berritze fisiko hutsa; paradigma aldaketa bat da, oinezkoak, familia zornotzarrak eta jasangarritasuna protagonistak dituena”, adierazi du Salterainek.
Proiektuak Udaltzaingoaren aurrean dagoen Karmen kaleko zatia oinezkoentzako bihurtzea aurreikusten du, historikoki bidegurutze izan den gunea ezabatuz eta espazioa oinezkoentzako gune bihurtuz. Horrez gain, urte luzez udalerriaren paisaia izan diren arkupeak berrituko dira: lurzorua aldatuko da, argiztapena hobetuko da eta gaur egungo zutabeak berriztatuko dira.
Proiektu honen bidez, udal gobernuak Amorebieta-Etxanoko bizilagunen bizi-kalitatea hobetzea du helburu, paseatzeko, sozializatzeko eta inguruneaz gozatzeko egokiagoa, seguruagoa eta atseginagoa izango den espacio bat sortuz.
Asmo handiko proiektu hau udalerriaren garapen jasangarriaren alde udal gobernuaren konpromisoaren adierazle da. Alkatearen hitzetan: “Amorebieta-Etxano eraldaketa fase batean dago, eta ematen dugun urrats bakoitza udalerri dinamikoago, irisgarriago eta ingurumenarekiko errespetuzkoago baten aldekoa da. Proiektu hau guztiontzako etorkizun hobea bermatzeko martxan jartzen ari garen beste hainbat ekimenen parte da”.
Parte-hartzerako saioa
Karmen kalearen eraldaketaren xehetasun guztiak ezagutarazteko, sor daitezkeen zalantzak argitzeko eta herritarren ekarpenak jasotzeko asmoz, Udalak parte-hartzaile irekiko saioa antolatu du datorren maiatzaren 13an, 18:30ean Zelaieta Zentroko auditoriumean. Saio honetan, bertaratutakoek proiektuaren diseinua ezagutu, proposamenak egin eta euren ekarpenak helarazi ahal izango dituzte, proiektua aberasteko helburuarekin. Era berean, Udalak etxe guztietara bidalitako postalak QR kode bat dauka, online bidez proposamenak eta ekarpenak egiteko.
Alkateak azpimarratu du hau herritarren parte-hartze aktiborako aukera paregabea dela: “Proiektu hau denona da. Herritarren ekarpenak entzun nahi ditugu, eta haien parte-hartzearekin lortuko dugu Amorebieta-Etxano bizitzeko lekurik onena bihurtzea”, amaitu du Salterainek.