DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Zornotzak Karmen 2.0 proiektua behin betiko onartu du

Hirigunea eraldatzea ekarriko du, 1,2 milioi eta 12 hilabeteko obra-aurrekontuarekin

Obra 12 hilabeteko epean amaitzea aurreikusten da

AMOREBIETA-ETXANO | Uztaileko osoko bilkuran, Amorebieta-Etxanoko Udalak aurrerapauso garrantzitsua eman du hirigunea eraldatzeko, Karmen 2.0 proiektua behin betiko onartuz.

Asteazken honetan Karmen kalea urbanizatzeko proiektua behin betiko onartu da, eremu hori oinezkoentzako bihurtzeko eta Amorebieta-Etxanoko gune horren azpiegitura berritzeko bidean aurrera eginez. Proiektu hau gobernu-taldearen apustu nabarmenetako bat da, eta herriaren erdigunea espazio irisgarriago eta jasangarriago bihurtzea du helburu, pertsonei eta oinezkoei lehentasuna emanez.

Hala, proiektuaren helburua ez da hiri-azpiegitura berritzea soilik, baita herritarren beharrei eta proposamenei erantzutea ere. Proposamen horiek Arkalaz egin den parte-hartze prozesu bidez jaso dira eta funtsezkoak izan dira proiektuaren diseinua zornotzarren errealitatera eta lehentasunetara egokitzeko. Prozesu horretan, parte hartzeko saio bat, ekarpenak egiteko online formulario bat, etxeetara banatu den informazio orria eta alegazioak aurkezteko epea jaso dira.

“Proiektu hau guztion artean egin da, Arkalaz. Proiektuan egindako aldaketen arabera, kalearen eraldaketaz gain, herritarrek proposatutako irisgarritasun, funtzionaltasun eta iraunkortasun beharrei ere erantzuten diegu “, adierazi du Anartz Gandiaga hirigintza zinegotziak.

Hobekuntzak

Proiektuaren infografia

Herritarren proposamenei esker proiektuan egindako hobekuntzen artean, sarbideen aldaketa da nabarmenetako bat, hala nola zamalanetarako eremuak egokitzea eta Karmen kaleko 13. zenbakiaren aurrean aparkaleku bat kentzea, eremuko egoiliarrek proposatutako behar zehatzei erantzuteko. Gainera, espazioaren irisgarritasunari arreta handiagoa jarri zaio, oinezkoentzako segurtasuna eta erosotasuna hobetuz.

Proiektuak, halaber, arkupeak berritzea, saneamendu bateratuko sarea ordeztea eta berdeguneak sortzea aurreikusten du, ingurumenaren iraunkortasunari laguntzeko. Espazio publikoaren kalitatea hobetzeko, zoladura drainatzaileak jarriko dira eta argiztapena hobetuko da, bizilagunentzat giro seguruagoa eta atseginagoa sortuz.

1.200.000 euroko aurrekontuarekin, obra 12 hilabeteko epean amaitzea aurreikusten da, eta, horrela, Amorebieta-Etxanoko erdigunean oinezkoek izango dute lehentasuna, Aginte Planean jaso bezala.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top