Proiektua urgentziaz gauzatuko da, eta bost hilabeteko iraupena izango du

AMOREBIETA-ETXANO | Hainbat hilabetez lan teknikoak eta egiturazko lanak egin ondoren, Amorebieta-Etxanoko Udalak beste urrats bat eman du martxoan San Migel kalean izandako hondoratzearen irtenbidean. Horri jarraiki, datorren astelehenean, irailaren 1ean, hasiko dira San Martin errekaren pasabidea konpontzeko lanak. Proiektua premiaz gauzatuko da, eta, egungo aurreikuspenen arabera, bost hilabete inguruko iraupena izango du.
Martxoaz geroztik, Jauregizahar auzoaren parean dagoen galtzada hondoratzeko arriskua zegoela ikusi zenetik, hainbat jarduketa egin dira eremuko segurtasuna bermatzeko eta esku-hartzea antolatzeko. Lan horien artean, azterketa geotekniko sakona egin da, eragindako hondoratzearen egoera ikuskatu da — San Martin erreka hortik igarotzen da — eta drainatze-espazioa handituko duen egitura aurrefabrikatu baten instalazioan oinarritutako irtenbide teknikoa diseinatu eta definitu da. Irtenbide horri esker, errekaren drainatzea hobetzeaz gain, etorkizuneko hondoratzeak ere saihestuko ditu, egitura zaharraren ordez erresistenteagoa eta iraunkorragoa den berria jarriko baita.
Lehen fase tekniko hori amaituta, orain obren zatirik agerikoena hasiko da: indusketa, ibilguaren behin-behineko desbideratzea, egitura berriaren instalazioa eta, ondoren, eragindako eremuaren betelze lanak. Lan horiek modu seguruan egiteko, beharrezkoa izango da, halaber, oinezkoentzako pasabidea moztea.Hori dela eta, irailaren 1etik aurrera, oinezkoen joan-etorria erabat etenda geratuko da eremu horretan.
Oinezkoentzako pasabide berria

Oinezkoen joan-etorriak errazteko, Udalak ibilbide alternatibo bat prestatu du, Gure Kirolak gunea inguratuz, eta behar bezala seinaleztatuta egongo da. Herritarrei jarraibideak errespetatzeko eta, inola ere, hesitutako perimetrora ez sartzeko eskatzen zaie, pertsonentzat benetako arriskua izan baitaiteke.
Hasiera-hasieratik, San Migel kalearen itxieraren ondorioz, ibilgailuen zirkulazioa eta Bizkaibuseko hainbat lineen ibilbidea ere aldatu behar izan dira. Aldaketa horiek lanek irauten duten bitartean mantenduko dira.
Amorebieta-Etxanoko Udalak eskerrak ematen dizkie bizilagunei eragindako eragozpenen aurrean izandako pazientzia eta ulermenagatik. Esku-hartze konplexua da, baina behar-beharrezkoa bide publikoan segurtasuna bermatzeko eta konponbide iraunkorra eskaintzeko.