Martxoaren 7an helduko da ibilgailu elektrikoen “Amorebieta Goblin Gathering 2026” Zirkuitua Amorebieta-Etxanora

AMOREBIETA-ETXANO | Beste urte batez, Amorebieta-Etxanok bat egin du “Greenpower Zirkuitua” ibilgailu elektrikoen lehiaketarekin. Aurtengoa zazpigarren edizioa da, eta urtez urte sendotzen ari den ekimen honek gazteen artean mugikortasun iraunkorra, sormena eta berrikuntza teknologikoa sustatzea du helburu. Lehiaketaren bidez, parte-hartzaileek ibilgailu elektriko propioak diseinatu eta eraikitzen dituzte, etorkizuneko mugikortasun ereduen inguruan kontzientzia eta ezagutza handituz.
“Amorebieta Goblin Gathering Zirkuitua”, haur eta gazteei zuzenduta dago eta helburu du gazteen artean zientziarekiko, teknologiarekiko, ingeniaritzarekiko eta matematikarekiko (STEM) interesa sustatzea, horretarako ibilgailu elektrikoak diseinatuz, eraikiz eta horiekin lehiatuz. Aurtengo edizioan, Lauaxeta Ikastolako ikasleek hartuko dute parte, eta neskek paper garrantzitsua izango dute, arlo honetan duten presentzia indartuz, martxoaren 8aren harira. Ekimen honen bitartez, beren ibilgailu elektrikoa sortzeko negozio-plan bat sortzea eta garatzea eskaintzen zaie erronka gisa, ondoren, ibilgailu horrekin parte har dezaten lehiaketan.
Energia-eraginkortasuna jasangarritasunaren ardatz
Lasterketetan aurrez zehaztutako ibilbide bati ahalik eta bira gehien egin behar dizkiete ibilgailuek. Ibilgailuen motor elektrikoa eta bateriak berdinak izango dira guztientzat baina parte-hartzaileek autoaren karrozeria eta haren alderdi mekanikoak eta elektrikoak diseinatu behar dituzte, errendimendua hobetze aldera. Lasterketetan, bateria agortu gabe kilometro gehien egitea lortzen duena da irabazlea; beraz, ez du azkarrenak irabazten, modu eraginkor, energetiko eta jasangarrian gidatzen duenak baizik.
Martxoaren 7ko jardunaldia Amorebieta-Etxanon
Jardunaldia arratsaldean hasiko da, taldeen aurkezpenarekin, Zelaieta parkean. Ondoren, lasterketa Ixerreko aparkalekuan abiatuko da. Gainera, Lauaxeta Ikastolako ikasleen eskutik Zelaieta parkean jarritako karpetetan proiektuarekin lotutako erakustaldiak eta jarduerak egingo dira.
Hitzordu berri honekin, Amorebieta-Etxanok hezkuntza, berrikuntza eta mugikortasun iraunkorrarekin duen konpromisoa berresten du, gazteei ikasteko, esperimentatzeko eta lehiatzeko espazio bat eskainiz, beren proiektu teknologikoak praktikan jarriz.


