Eskaerak martxoaren 25a bitarte arte aurkeztu ahal izango dira

AMOREBIETA-ETXANO | Udalak diru-laguntzen deialdi berria zabaldu du, udalerrian gizarte-ekintzaren arloko proiektuak garatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakunde zein pertsonentzat. Laguntza hauek bereziki mendekotasun-egoeran, babesgabetasunean edo bazterketa-arriskuan dauden pertsonen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten jarduerak sustatzea dute helburu.
Dirulaguntza hauek egoitza Bizkaian duten irabazi-asmorik gabeko entitate, elkarte eta fundazioei zuzenduta daude, baldin eta betiere beren jarduna Amorebieta-Etxanon burutzen badute. Laguntza hauek, halaber, udalerrian erroldatutako pertsonek eskatu ahal izango dituzte, betiere talde baten ordezkari moduan eta irabazi-asmorik gabe jarduten badute, modu partikularrean edo noizbehinkako ekintzetarako.
Laguntza hauen bidez, ongizate soziala sustatzen duten proiektuak bultzatu nahi dira, pertsonen autonomia indartuz eta mendekotasun, babesgabetasun, bazterketa eta larrialdi-egoerak sahiestuz. Horretarako, ekimenek berdintasuna, belaunaldi- eta funtzionaltasun-aniztasuna, kulturartekotasuna eta elkartasuna sustatu beharko dituzte.
Diruz lagun daitezkeen jarduerak eta laguntzen zenbatekoa
Erakunde edo pertsona eskatzaile bakoitzak proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du. Proiektu hori gizarte-ekintzarekin zuzenean lotutako jardueretan, udalerriko gizarte-errealitateari buruzko azterlan eta ikerketetan edo herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko ekimenetan oinarritu ahal izango da.
Diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa aurkeztutako proiektuaren kostu osoaren % 80 izango da, eta, ondoren, proiektuaren % 100 justifikatu beharko da. Deialdi honetara 30.000 euro bideratu dira guztira.
Eskabideak aurkezteko epea
Eskaerak martxoaren 25a bitarte aurkeztu ahal izango dira, aurrez aurre, Udalaren Herritarrentzako Zerbitzuan (pertsona fisikoen kasuan bakarrik), edo telematikoki, udalaren egoitza elektronikoaren bidez.
Dokumentazioa eta baldintzak
Eskaera formalizatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
- Eskabide-inprimakia behar bezala bete.
- Proiektuaren memoria xehatua, gehienez ere 20 orrialdekoa.
- Gastuen justifikazioa (laguntza eman ondoren).
- Jarduera osoa Amorebieta-Etxanon egiten ez bada, udalerrian erroldatutako parte-hartzaileen zerrenda.
Amorebieta-Etxanoko Udalak interesa duten erakunde eta pertsonak animatzen ditu beren proiektuak aurkeztera eta udalerriaren garapen sozialari beren ekarpena egitera.
Informazio gehiago nahi izanez gero, deialdi osoa kontsulta daiteke udalaren egoitza elektronikoan edo udaletxean bertan.


