DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Txalopin Txalo, ume eta haurren transmisioan euskara indartzeko kantu-liburua

Durangaldeko Mankomunitateak abian jarritako proiektua, Berbarok dinamizatuta

Liburua urtarrilaren 10ean aurkeztu zen Mañarian

DURANGALDEA | Durangaldeko Mankomunitateak proiektu berria jarri du martxan, umeen transmisioan euskara indartzeko helburuarekin. Txalopin-Txalo kantu-liburuaren sorrera da proiektuaren gakoa, eta hurrengo asteetan zehar Durangaldeko herri guztietan aurkeztea da asmoa.

Durangaldeko Mankomunitateak euskararen normalizaziorako egiten dituen planteamenduetatik sortutako proiektua da honako hau, ume eta haurren transmisioan euskara indartzeko helburuarekin. Berbarok dinamizatu du proiektua DMA-rentzat eta Labayru Fundazioak egin du kantu-liburuaren ekoizpen lana. Eroskik finantziatu du proiektua.

“Gure herri tradizioan ume txikiekin jolasteko edo-eta kantatzeko ohikoak izan diren abestiak batzen ditu Txalopin Txalok”, azaldu dute. Lan honen helburua ahozko ondarea berreskuratzea eta transmititzea da. Batez ere Durangaldekoa. Horretarako, edadeko lekukoengana jo dute bideo-grabazioz gaur egun bizirik dirauten kantuak jasotzeko. Durangaldeko adineko 10 pertsonen testigantzetatik jaio da proiektua: Abadiño, Berriz, Atxondo, Elorrio eta Iurretako herritarrak. “Belaunaldiz belaunaldi, etxean ikasita, eurengana heldu diren ahozko bertsioak batu ditugu: 5 genero ezberdin biltzen dira: ume txiki-txikiak lokartzeko kantak, familian jolastekoak, urte sasoi jakin batzuetako ospakizunetan abestekoak, koplak eta kantak, besteak beste. Kantuen letrak partituraz lagunduta daude, baina kasu askotan, soinu bat proposatu arren, koplak eta bertsoak beste melodia batzuekin ere abestu daitezke”, zehaztu dute.

Letren bertsioen kasuan, beste horrenbeste gertatzen da, etxe batetik bestera eta herri batetik bestera, aldaera desberdinak daude. Kantuen bildumatxo hau herri kantutegia ezagutzeko eta balioan jartzeko tresna da. “Horrela, eutsi ahal izango diogu denon artean geure ondareari, daukagun altxorrik preziatuenetarikoa da eta”, azpimarratu dute.

Beste alde batetik, kantu-liburua osatze aldera, partiturak eta gaztelerazko azalpen laburrak ere jaso ditu liburuak. Bigarren honekin, euskaraz ez dakiten gurasoek ere liburuxka erabiltzea erraztu nahi izan da.

Durangoko Azokako Saguganbaran izan zen lehenengo aurkezpena, eta hurrengoak martxora bitartean izango dira, Durangaldeko herri guztietan.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top