Aurtengo Sormen Beka Komiki lanetara bideratu da

DURANGO | Durangoko Azokako 60. edizioko Sormen Bekako irabazleak saritzekoa prentsaurrekoa egin da gaur Ahotsenea Literaturan. Bertan, irabazleekin batera, Gotzon Gomez Gerediaga elkarteko presidentea, Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea eta Unai Iturriaga irabazlea hautatzeko epaimahiko kidea izan dira.
Aurtengo Sormen Beka Komiki lanetara bideratu da. Guztira Sormen Bekara hamabi lan aurkeztu dira, oso estilo eta tematika ezberdinak hizpide hartuta (umeei bideratutako komikiak, manga, zientzia fikziozkoak, umorezkoak, historikoak,…). Horien artean, “Gizaberetxoak. Joxe Azurmendiren joanak eta etorriak” lana aukeratu du epaimahiak.
Komiki horren bitartez Joxe Azurmendi eta zenbait autore feministaren arteko (Angela Davis, Simone Weil, Vandana Shiva, Jule Goikoetxea…) elkarrizketa fikzionatuko dute. Krisietatik bilaketetara, gizaberetxo horien ezinegon, galdera eta gogoetak landuko dira, elkarren arteko zubiak eraikiz eta elkar aberastuz.
Euskal Herrian ardaztuta, Euskal Herriko eta munduko bazter zein egoera ezberdinetan kokatuko dira autoreok, haien bizitzako pasarte esanguratsu batzuk ezagutaraziz, haien pentsamendua azalduz eta gaur egun bogan dauden gizarte-auziak jorratuz. Pasarte ezberdinak collage modura josita, tonu umoretsu, jostari eta zorrotza izango da nagusi.
Proiketu kolektiboa da aurtengo Sormen Bekaren irabazlea, izan ere, hiru dira atzean dauden sortzaileak: Ainhoa Olaso, Usue Egia eta Mikel Urdangarin. Urdangarinen tesia ezagutu ostean, hiruren arteko elkarlan proiektu bat abiatzeko gogoz. Egiak marrazkiak eta Olasok gidoia egingo du. Hala, batez ere Azurmendik Davisekin zituen loturetan zentratuta, Azurmendi pentsalari feministekin elkartuko da komikian zehar, eta haien arteko eszenak fikzionatuko dira.
Sinopsia
Joxe Arantzazuko Santutegian ikasle dabilela, aita hiltzen zaio lan istripu batean. Fedea auzitan jartzean, bizitzako zimenduak eraitsiko zaizkio eta bizitzaren zentzuaren bilaketan abiatuko da. Une berean, Dynamite Hillen (AEB) arrazializatutako familien aurkako bonba-erasoen ondotik, Angela Davis borroka anti-arrazistan aktibatu eta bere ibilbide politikoa hasiko du. Bi pertsonaia hauek munduko txoko ezberdinetan elkar lotzen joango dira, bidean hainbat gizaberetxorekin topatuz.
Epaimahaia
Epaimahaikideak hauek izan dira aurten: Unai Iturriaga, Esti Albizu, Ainara Azpiazu “Axpi”, Adur Larrea eta Garazi Arrula. Adierazi dutenez, Joxe Azurmendiri buruzko lana aukeratu dute, besteak beste, proiektu “anbiziotsu” bat delako.
“Batetik, euskal pentsalari handi bat (gizonezkoa bera) bere garaiko mundu mailako pentsalari feministekin elkarrizketan jartzen duelako ezohiko formatu baten bitartez, komikiaren lengoaiaren bitartez, hain zuen ere. Bestetik, hain seriotzat hartu ohi den mundu intelektuala umoretik eta jarrera jostari batekin lantzeko asmoa ere baloratu dugu. Orijinala da gaia eta tonua uztartzeko proposamena”, argudiatu dute
Proiektu irabazlea, anekdota metaketa batetik harago doan arnas luzeko egitasmo bat da, hasi eta buka pentsamenduaren eta bizipenen gurutzatzeak harilkatuko dituena. “Alderdi grafikoari lotuta, interesgarria da formalismotik at estetika propio ez akademizista baten alde eginiko hautua, zeinak bat egin lezakeen istorioan aipatzen diren egileen jarrera intelektual ertzekoarekin” erantsi dute.
Zortzigarren beka deialdia
Gerediaga elkarteak sortzaile berriei bultzada emateko helburuz sortu zuen Sormen Beka deialdia eta Durangoko Udala izan du hasieratik bidelagun, besteak beste, 15.000 euroko saria eman ahal izateko eskaintzen duen laguntzagatik. Aurten, zortzigarren edizioa izan dute eta Gotzon Gomez Gerediagako presidenteak adierazi du sortzaile berrien bidelagun izateko nahiari bide ematen jarraitzeko asmoa dutela. “Gazte jende asko nabaritzen genuen, arlo ezberdinetan, sortzeko gogoarekin, euskaraz eta euskaratik gainera. Eta horren erakusleiho baino gehiago izan nahi genuen”, bere esanetan.
Atopia rol jokoen egitasmoa izan zen lehen bekaduna, eta geroztik Kai Nakairen diskoa, Bañolet ikus-entzunezkoa, Ibai Aizpuruaren Barraka bideojokoa, Jon Ander Urrestiren Eukalyptus antzezlana, Marramiau sorkuntza taldearen Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz telesaila eta Irati Bazetaren Harien isla erakusketa saritu dituzte


