DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Podemosek idi-probak ez egiteko Sanblasetan eskatu du, Sanprudentzioetan bezala

Alfonso Arroyo: “Animalia bati tratu txarrak ematea ez da dibertigarria, eta ezin da
kulturatzat hartu”

San Prudentzioetako paella lehiaketan parte hartu dute larunbat honetan Podemos Abadiñoko zirkuluak

ABADIÑO | San Prudentzioetako paella lehiaketan parte hartu dute larunbat honetan Podemos Abadiñoko zirkuluak. Herriko militantziarekin bat egin dute Richar Vaquero koordinatzaile nagusiak eta alderdiko zuzendaritza autonomikoko beste hainbat kargudunek, jaien azkenaurreko eguna partekatu eta ospatzeko. Horri esker, herriko alderdikideek egiten ari diren lana kontatu ahal izan dute eta udalerriko beharrak modu lasaian azaldu ahal izan dizkiete.

Alfonso Arroyo Podemos Abadiñoko bozeramaileak aprobetxatu du eguna Traña-Matienako jaiei balioa emateko, “giro ezin hobeagatik, adin guztietako pertsonak kontuan hartzeagatik, askotariko jarduerak egiteagatik eta, batez ere, animaliak errespetatzeagatik”.

Arroyok adierazi du herrian egiten diren beste jaiek eredugarri izan beharko luketela animaliekiko
errespetuari dagokionez. Idi-probei aipamen argia egin du. “Badira tortura eta animalien aurkako tratu txarrak kultur tradizio gisa defendatzen dituztenak. Tradizionalak ez du zertan ona izan, eta, gainera, ez da mantendu behar tradizioz bakarrik izaki bizidunei sufrimendua eragiten dien zerbait. Ohitura zen, halaber, ahuntz bat botatzea kanpandorretik zenbait lekutan, eta jada gizarte osoak astakeriatzat jotzen du. Gauza bera gertatzen da zezenketekin, baina baita idi-probekin ere, animaliei beharrezkoa ez den sufrimendua eragiten baitiete dibertimendu hutsagatik”, adierazi du.

“Sufrimendua ez da dibertigarria. Animalia bati tratu txarrak ematea ez da dibertigarria, eta ezin da kulturatzat hartu. Tratu txarrak, tratu txarrak dira, besterik gabe”, gaineratu du. Horregatik, Abadiñok animalien ongizatean aurrera egitea aldarrikatu du, eta hurrengo San Blasetan eredutzat hartzeko eta idi probarik ez egiteko eskatu du.

Gainera, Abadiñoko taldeak animalien ongizatearen alde borrokan jarraitzeko eskatu dio Podemos
Euskadiko zuzendaritzari. Richar Vaquero koordinatzaile nagusiak horretan lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du, bai alderdiaren zuzendaritzatik, bai Bizkaiko Batzar Nagusietatik, bertan batzarkide baita gaur egun. Izan ere, azken osoko bilkuran, otsoaren babesgabetasuna salatu zuen, eta administrazio publikoei leporatu zien ehizaren lobbyaren interesak biodibertsitatearen kontserbazioaren aurretik jartzea.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top