DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Oiz mendiko ondare natural, kultural eta historikoaren aurkezpena antolatu da Berrizen

Apirilaren 1ean izango da, 18:30ean, Kultur Etxean

Ondare natural, kultural eta historikoaren buruzko jardunaldia izango da.

BERRIZ | Udalak azken urteotan Oizen garatu duen proiektuaren berri emango du apirilaren 1ean 18:30ean, Kultur Etxean egingo den Oiz mendiko ondarea: Natura, historia eta kultura’ hitzaldiaren bidez.

“Jardunaldi honen helburua Oizen egin den lan guztia ezagutzera ematea da, bai natura, kultura eta historia ondarearen babes, kontserbazio, berreskurapen eta balioztapenaren arloan”, aurreratu du Orlan Isoird alkateak.

Oiz mendia Bizkaiko bost deiadar-mendietako bat da, eta baita lurralde honetako gailurrik enblematikoenetako bat ere. Mendi mitiko hau, inguruko herrietatik hurbiltzen diren txangozaleek asko maite eta maiz bisitatzen duten eremua da, kirola egiten duten bitartean naturaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen duelako.

Eta gehienentzat oharkabean pasatzen diren arren, errota eoliko titanikoen itzalpean garrantzi handiko ekosistema txiki eta hauskorrak ezkutatzen dira. Marta Infantek eta Patxi Herasek, nazioartean ospe handia duten briofitoetan adituak, ikertu dituzten hamar bat zingira edo putzu txiki dira, batez ere hegoaldeko hegalean barreiatuta daudenak.

Bere aurkezpenaren bidez, Oiz mendiko Zohikaztegiak, zingirek ezkutatzen duten guztia ezagutzeko aukera izango da. Izan ere, putzuz betetako eremu soil gisa ikus daitekeen lekuan miniaturazko mundu bat dago, intsektuak, anfibio txikiak, goroldioak, landare haragijaleak… dituena. Gainera, inguru hauetan goroldioak oso garrantzitsuak dira. Zingiretan dauden goroldioen artean esfagnoak nabarmentzen dira, “zohikaztegiko goroldioa” ere deituak, eta hilaren 1ean gehiago sakondu ahal izango da gai horri buruz.

Jardunaldiaren kartela.

Bestalde, Javier Castrok, Aranzadi Z.E.ko Etnografia Saileko kide eta ‘Oizko errotari harrobia (Errotari Oiz egitasmoa)’ liburuaren egileak, Oiz inguruko harrobi errotarien ikerketa eta katalogazio lanaren nondik norakoak azalduko ditu.

Castrok aitortzen duen bezala, “hargin errotarien jarduera oso presente egon zen mendian, eta orain erauzketa uztean utzitako harrien hondarrak ikus ditzakegu”.

Azkenik, AGIRI Arkeologia Elkarteko Juan Carlos López Quintana arkeologoak Oizko Estazio Megalitikoari buruz hitz egingo du, baita 2021ean hasi zen proiektu arkeologikoaren emaitzez ere. Ikerketa honek Bizkaiko historiaurreko hileta-sekuentzia (megalitikoa) luzeenetako bat erakutsi zuen.

Hitzordua Orlan Isoird alkatearen sarrerarekin hasiko da. Alkateak proiektua testuinguruan kokatuko du eta ondoren hiru aurkezpenak egingo dira 15 eta 20 minutu bitarteko iraupenarekin.

Berrizko Udalak dei egiten die herritarrei jardunaldira joan daitezen. “Oiz mendiak gordetzen dituen altxor guztiak bertatik bertara ezagutzeko aukera paregabea izango da”, animatu du.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top