Txitxiburduntzia, kale animazioa, mozorro-bazkaria, playback-a eta jarduera gehiago izango dira herriko hainbat gunetan

MALLABIA | Herria prest dago, beste urte batez, 2026ko Inauteriak ospatzeko. Otsailaren 7tik 17ra bitartean ospatuko diren festen baitan, adin guztientzako jarduerak izango dira protagonista. Udalak, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean, egitarau zabala prestatu du, tradizioa, sormena eta jai giroa uztartuz.
Lehiaketak, musika eta tradizioa
Egitaraua otsailaren 7an, larunbata, abiatuko da, 19:00etan, parkean egingo den txitxiburduntziarekin. Sua eta edaria Udalak jarriko ditu haurrentzat; bakoitzak bere txorizoa, ogia eta makila ekarri beharko ditu.
Otsailaren 12an, osteguna, 12:00etan, eskolako ikasleak herritik ibiliko dira, Eguen Zuriko kantak abestuz eta herriko ohitura zaharra bizirik mantenduz.
Otsailaren 13an, ostirala, kirola izango da protagonista. 18:30ean petanka txapelketa egingo da frontoian, eta 12 urtetik gorakoentzat zuzenduta dago. Egun berean, mozorro lehiaketa egingo da, herritar guztiei parte hartzeko aukera emanez, adin eta formatu guztietakoentzat.
Larunbatean, otsailaren 14an, frontoian egingo den mozorroko bazkari autogestionatuarekin jarraituko du jaiak. Arratsaldeko 17:00etik 20:00era, musika eta giroa kaleetara eramango dira, DJ TRACK-Aren animazioarekin.
Otsailaren 17an, asteartea, inauterietako egun handia ospatuko da. Hasteko, 14:45ean Ekain pailazo‑ikuskizuna eskainiko zaie eskolako ikasleei. 16:30ean, frontoian txokolatada egingo da, 17:00etatik aurrera, DJ Oihan Vegaren musika eta animazioa izango da herriko frontoian. 17:30ean, playback eta mozorro lehiaketaren edizio berria egingo da, herritar guztiei parte hartzeko aukera emanez adin eta formatu guztientzat:
- 12 urtetik beherakoak
- Bakarka edo bikoteka: 1. saria 60 € / 2. saria 30 €
- Taldeka: 1. saria 120 € / 2. saria 60 €
- Sariak truke txarteletan banatuko dira.
- 12 urtetik gorakoak
- Bakarka edo bikoteka: 1. saria 100 € / 2. saria 50 €
- Taldeka: 1. saria 200 € / 2. saria 100 €
- Helduentzako sari berezia: 60 € etxeko arropa zaharrekin egindako mozorro onenarentzat.
Izen-ematea frontoian egingo da, 16:30etik 17:00etara, edo liburutegian, otsailaren 16ra arte. Parte-hartzaile edo talde bakoitzak abesti bakarra aurkeztu beharko du USBan, bere emanaldirako.
Mallabiko Udalak herritar guztiak animatu nahi ditu ekintza hauetan parte hartzera, herriko tradizioak bizirik mantentzeko eta jai giro paregabeaz gozatzeko. Udalak, antolaketa eta segurtasuna zainduz, parte-hartzaile guztien esperientzia ahalik eta atseginena izatea du helburu.



