DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Lehen sorospen ikastaroa, urriaren 22an eta 29an, Amorebieta-Etxanon

Bi saio eskainiko dira aipatutako egunetan, 17:00etik 19:00era, Nafarroa Zentroko bigarren solairuan

Ikastaroak bi saio izango ditu

AMOREBIETA-ETXANO | Amorebieta-Etxanoko Udalak eta bertako Osasun Zentroak, lehen sorospenei loturiko oinarrizko ikastaroa antolatu du berriz ere, iaz antolatutako bi edizioak oso arrakastatsuak izan ziren eta. Hala, ‘Zure eskuek bizitzak salbatzen dituzte’ lelopean, bihotz-biriketako berpiztea (BBB) eta Kanpoko Desfibriladore Erdiautomatikoen (KDEA) erabilera izango ditu hizpide ikastaroak. Prestakuntza honen helburu nagusia da herritarrei larrialdi-egoeretan nola jokatu erakustea eta larrialdiei aurre egin eta bizitzak salbatzeko beharrezkoak diren oinarrizko ezagutzak eskaintzea.

Ikastaroak bi saio izango ditu, urriaren 22an lehena eta 29an bigarrena, 17:00etik 19:00era, eta Nafarroa Zentroko bigarren solairuan egingo da. 16 urtetik gorako edozein pertsonak parte hartu ahal izango du, eta bereziki gomendagarria da beste pertsona batzuengan erantzukizunak dituztenentzat, hala nola entrenatzaileentzat, begiraleentzat, zaintzaileentzat edo irakasleentzat.

Izena emateko epea bihartik urriaren 15a bitarte egongo da zabalik, udal webguneko izen-emate atalean edota HAZen bitartez, 946 30 00 02 zenbakira deituta edo udaletxeko bulegoan bertan.

Plazak mugatuak dira, eta udalerrian erroldatuta daudenek lehentasuna izango dute. Edozein kontsulta egiteko, interesdunek prebentzioa@amorebieta.eus helbidera idatzi dezakete edo 614 45 76 09 telefonora deitu.

Herritarren osasuna eta ongizatea ardatz

Zornotzarren ongizatea eta osasuna bermatzea lehentasunezkoa da Amorebieta-Etxanoko Udalarentzat. Hala, gaur egun 10 desfibriladore daude herriko puntu desberdin eta estrategikoetan kokatuta, bihotz-gelditzeetan esku-hartze azkarra bermatzeko. Hauek dira egungo desfibriladoreen kokalekuak:

  • Larrea Kiroldegia: 2 desfibriladore
  • Txolon futbol zelaia: 1 desfibriladore
  • Ixerbekoa Kiroldegia: 1 desfibriladore
  • Urritxe futbol zelaia: 1 desfibriladore
  • Zelaieta Zentroko frontoia: 1 desfibriladore
  • Zelaieta Zentroa: 1 desfibriladore
  • Zornotza Aretoa: 1 desfibriladore
  • Udaltzaingoa: 2 desfibriladore

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top