Gazteentzako euskarazko talde-jokoan izena emateko azken eguna otsailaren 16a da

AMOREBIETA-ETXANO | 12 eta 18 urte bitarteko zornotzarrek aukera dute GUROT izeneko taldekako tribial lehiaketan parte hartzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak eta hainbat udalerrik elkarlanean, horien artean Amorebieta-Etxano, babestutako egitasmoan euskarazko aisialdian hizkuntzaren erabilera sustatzea du helburu, eta, aldi berean, gazteei jarduera alternatibo eta entretenigarri bat eskaintzea.
Parte hartzeko, hiru laguneko taldea osatu behar da, eta talde bakoitzak hainbat galderari erantzun beharko die. Galdera gehien asmatzen dituzten herriko bi taldeek ZEID Fest jaialdirako bi sarrera (taldekide bakoitzeko) irabaziko dituzte. Horrez gain, bi talde horietatik puntuazio altuena duena final handira pasako da, eta bertan bizkaiko beste udalerri batzuetako talde irabazleen aurka lehiatuko da.
Hala, parte hartu nahi duten gazte zornotzarrek otsailaren 16a baino eman beharko dute izena, www.gurot.eus webgunean, horretarako, aurrez hiru pertsonako talde bat osatuz. Taldekako lehiaketa otsailaren 17tik martxoaren 23ra egingo da, eta final handia apirilaren 4an izango da.
Sariak
Lehiaketan, galderei behar bezala erantzunez, puntuak jasoko dituzte talde parte-hartzaileek eta, aurrez aipatu bezala, tokiko eta eskualdeko bi talde onenek ZEID Fest jaialdirako bi sarrera jasoko dituzte, taldekide bakoitzeko.
Halaber, final handira iristen diren taldeek sari hauek eskuratu ahal izango dituzte:
- saria: Saloura bidaia + Port Aventura (ostatua eta parkerako sarrerak barne)
- saria: Madrilera bidaia + Warner Bros Park (ostatua eta parkerako sarrerak barne)
- saria: Puy du Fou-ra bidaia (ostatua eta ikuskizunetarako sarrerak barne)
- saria: Athletic Museorako sarrerak