DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Gerra zibileko hobian desagertutako 86 pertsonetatik lehena identifikatu dute Zornotzan

Haren gorpuzkiak datorren astelehenean, maiatzak 13, emango zaizkio familiari, Zornotzako Udaletxean egingo den ekitaldi batean

Amorebieta-Etxanoko hilerriko indusketaren lehen fasearen irudia
Zornotzako hilerrian egiten ari diren lanen irudia

AMOREBIETA-ETXANO | Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Memoria Historikoaren esparruko hainbat ekitaldi aurreikusi ditu datozen zazpi egunetarako. Nabarmentzekoa da, besteak beste, Amorebieta-Etxanoko hilerriko hilobiaren lehen identifikazioa. Haren gorpuzkiak maiatzaren 13an, astelehenean, emango dizkiote familiari. Egun horretan, 18:00etan, Amorebieta-Etxanoko Udaletxean, Amorebieta-Etxanoko hilerrian berreskuratutako 86 pertsonetako lehen identifikatua entregatzeko ekitaldia egingo da.

Ekitaldian, Nerea Melgosa sailburua eta Ainhoa Salterain Zornotzako alkatea buru direla, Aitor Miñambres eta Anton Erkoreka historialariek eta Lourdes Herrasti Aranzadi Zientzia Elkarteko antropologa eta Amorebietako hobitik ateratzeko arduradunak ere parte hartuko dute.

Larunbat honetan deshobiratzea Saibigainen

 

Maiatzaren 11n, Saibigainen, borrokalari baten gorpuzkiak lurpetik aterako dira, eta maiatzaren 9an, Juan Pardo San Gil omenduko da, 2013an hil zen Euskadiko Itsas Armadako erreferentziazko historialaria.
Maiatzaren 11n, larunbata, 11:30ean, Gerra Zibileko gudari baten gorpuzkiak lurpetik aterako dira Saibigain tontorretik gertu, Abadiñon.

Aurten inguru horretan berreskuratutako bigarren giza hondarra da, Gogoraren Gerra Zibileko Desagertuak Bilatzeko programaren barruan, Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan, babestutako eremu natural horretan 2023an hasitako prospekzio-kanpainaren emaitza. Urte horretako otsailean, lehen hondar bat berreskuratu zen, oraindik identifikatu gabe dagoena.

Inguru horretan, Urkiolako Parke Naturalaren zati batean, gudu gogorrak izan ziren, eta borrokalari ugari hil ziren, 1937ko apirileko lehen egunetan. Gaur egun, gutxienez 128k desagertuta jarraitzen dute.

Ostegun honetan, omenaldia Juan Pardo San Gili

Juan Pardo San Gil gerra-gatazkei buruzko historialari nabarmena izan zen, eta bereziki aipagarria izan da Euskadiko Itsas Armadari buruz egindako ekarpena, izenburu bereko liburu batean kondentsatua. Matxitxako Elkartearen bultzatzailea izan zen, eta 1937ko martxoaren 5ean Matxitxakoko batailari lotutako memoria berreskuratzeko konpromisoa hartu zuen.

Pardo 2013ko martxoaren 21ean hil zen, eta bere funts bibliografiko zabala hainbat erakunde publikori laga nahi izan zion, besteak beste, Gogora Institutuari.

Datorren maiatzaren 9an, 18:00etan, Gogora Institutuaren Bilboko egoitzan, funtsa Memoriaren Institutuari lagako zaio, eta ekitaldi bat egingo da haren familiaren, Nerea Melgosa sailburuaren, Matxitxako Elkartearen, Aranzadi Zientzia Elkartearen eta Bermeoko Arrantzaleen Museoaren parte-hartzearekin.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top