Egitaraua abenduaren 19tik urtarrilaren 5era izango da

BERRIZ | Abenduaren 19an hasiko da Berrizko Gabonetako programa, publiko guztiei zuzendutako proposamenekin eta familiei eta haurrei arreta berezia eskainiz. Egitarauak ikuskizunak, tailerrak, kirol jarduerak, magia, kontzertuak eta Olentzero eta Mari Domingi eta Errege Magoen bisita tradizionalak biltzen ditu.
Haurrei eta, oro har, familiei zuzendutako lehenengo ekintzak igerilekuko uretako puzgarriak, abenduaren 19an, eta kiroldegian gimnasia erritmikoaren erakustaldia izango da abenduaren 21ean, doan. Horrez gain, haurrek Ipuin Txokoa saioan parte hartzeko aukera izango dute abenduaren 27an Oihana Etxegibelekin Kultur Etxean.
Gabonetako egitarauak biltzen dituen ikuskizunen artean, Antton Telleriaren umorea ere izango da, abenduaren 19an Kultur Etxean “NININI” ikuskizuna aurkeztuko baitu, eta 27an, berriz, Aretha Gospel taldearen “SPIRIT” gospel kontzertua, San Juan Ebanjelariaren elizan, 19:00etan.
Bestalde, abenduaren 26an, Olentzero eta Mari Domingiren desagerpena izeneko Ihes-Gela abentura-esperientzia izango da, goizeko eta arratsaldeko ordutegietan, Kultur Etxe zaharrean. Izen ematea kartelean dagoen QRaren bidez egin daiteke.
Eta urte berriaren estreinaldiarekin familiarentzat ekitaldi gehiago egongo dira. Horrela, urtarrilaren 2an familiek Eleder Magoa – “Magia Mundiala” magia ikuskizunaz gozatu ahal izango dute Kultur Etxean, euskaraz. Haur parkea Olakuetako frontoian egingo da, urtarrilaren 3an, goizez eta arratsaldez, 12:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara.
Baina gabonak ez lirateke ezer izango abenduaren 24an Olentzero eta Mari Domingiren etorrera bezalako tradiziorik gabe, 9:30ean Olakueta plazatik auzoetara irtengo baitira, eta 17:30ean Udaletxetik Olakueta plazara abiatuko dira, familiak baserritarrez jantzita joatera gonbidatuz segizioari laguntzeko.
Eta urtarrilaren 5ean, magia Berrizko kaleetara itzuliko da Erregeen Kabalgata tradizionalarekin. Kabalgata Komentutik aterako da 17:30ean eta txokolatada herrikoi batekin amaituko da.


