DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Eskola-materiala erosteko eta desgaitasuna duten adin txikikoentzako dirulaguntzak Zornotzan

Eskaera-epea maiatzaren 6a bitarte egongo da irekita eta Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ) edo egoitza elektronikoaren bidez egin ahal izango dira

Eskaera-epea maiatzaren 6a bitarte egongo da irekita.

AMOREBIETA-ETXANO | Udalak dirulaguntza deialdi berria zabaldu du, udalerriko familiei funtsezko bi arlotan laguntzeko: hezkuntzan, batetik eta desgaintasuna duten adintxikikoen arretan, bestetik. Orain arte, aipatu bi laguntza lerroak uda ostean, hau da, irailean zehar, argitaratzen ziren; aurten, baina, Udalak aurreratu egin du bi dirulaguntzen deialdia eta, horrenbestez, familia zornotzarren egin ditzakete jada horiek eskuratzeko eskaerak.

Eskola-materiala erosteko laguntzen deialdia Amorebieta-Etxanon erroldatuta dauden familiei zuzenduta dago. Familia horietako seme-alabak Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Lehen Hezkuntzan edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan matrikulatuta egon behar dute. Helburua da eskola-material funtsezkoen, hau da, koadernoen, boligrafoen, motxilen, kalkulagailuen edota eskola-jardueretarako beharrezko arropa eta oinetakoen erosketa egiteko gastua arintzea.

Edozein kasutan, garrantzitsua da gogoraraztea jasotako laguntza horiek eskola-materiala saltzen duten tokiko komertzioetan erabili behar direla, horrela udalerriaren ekonomia bultzatzen lagunduz.

Bestalde, desgaitasuna duten adin txikikoen tratamendu terapeutikoetarako laguntzak 6 eta 18 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiei zuzenduta daude; adin txikiko hauek Amorebieta-Etxanon erroldatuta egon behar dute eta gutxienez %33ko desgaitasuna aitortua izan beharko dute Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik. Deialdiaren helburua da, haurren garapenerako ezinbestekoak diren tratamendu terapeutikoen gastuei aurre egiten laguntzea, hala nola logopedia, fisioterapia, ikaskuntza-laguntza edo psikopedagogia arreta.

Tratamenduak Bizkaiko Foru Aldundiak baimendutako haurren garapen eta arreta goiztiarreko zentroek edo gizarte zerbitzuen arloan lan egiten duten eta gizarte erabilera publikoa duten erakundeek eman behar dituzte. Laguntzaren zenbatekoa desgaitasunaren graduaren eta familia errentaren araberakoa izango da, eta gehienera ere tratamenduaren kostuaren %80a estaliko du.

Bi kasuetan, eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 6a bitarte egongo da irekita. Aipatutako bi laguntzak aurrez aurre,  Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ) edo udalaren egoitza elektronikoaren bidez eskatu ahal izango dira.

  • Eskola-materialeko laguntza jasotzeko ezinbestekoa izango da tokiko komertzio batean egindako erosketa-fakturaren zein familia errentaren eta erroaldatze-agiriaren ziurtagiria aurkeztea.
  • Tratamendu terapeutikoetako laguntzarako, desgaitasunaren egiaztagiriak, tratamenduaren aurrekontua eta deialdian zehaztutako beste dokumentu batzuk aurkeztu beharko dira.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top