DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Erritmo onean, aurrera doaz Amorebietako Urgozo kiroldegiko lanak

Orain arte egindako lanen artean, hondeaketa eta zimendu-lanak egin eta kiroldegiaren hormigoizko egitura eraiki da

2025eko lehen hiruhilekoan, eraikinaren kanpoko hormak eraikitzen hasiko dira

AMOREBIETA-ETXANO | Urgozo kiroldegiko lanak erritmo onean doaz aurrera eta, pixkanaka, itxura hartzen hasi da. Hala, 6,5 milioi euroko aurrekontua duen proiektu estrategiko hau errealitate bihurtzetik gertuago dago; izan ere, obrak fase aurreratuan daude, eta laster ikusi ahal izango da kiroldegi berria, udalerriko kirol-, kultura- zein gizarte-jardueretarako funtzio anitzeko espazio zabala eskainiko duena.

Eraikuntza-lanek nabarmen egin dute aurrera azken hilabeteetan. Egindako lanen artean, kiroldegia eta aldameneko ikastetxea mugatzen zituen harrizko horma kentzea nabarmentzen da. Horri esker, indusketak egin eta hormak modu seguruan eraiki ahal izan dira.

Bestalde, saneamendu-sareen instalazioa jarri eta zimenduak eta hormigoizko egitura amaituta dira. Horrek eraikinaren sarrera nagusia hartzen du barne; honek, diseinuaren ezaugarririk nabarmen gisa, forma kurbatua izango du.

Horrekin batera, kiroldegiaren sabaia osatuko duen egurrezko egitura muntatu da. Aldi berean, kiroldegiko klimatizazio-sistemarako beharrezkoa den energia geotermikoko sistema bat instalatzeko zulaketak egin dira lurzoruan, eta hormigoizko harmailak jarri dira, eserleku gisa.

Hurrengo urratsak

Datozen hilabeteetan, aurreikusitako lanei jarraipena emango zaie. Hala, egurrezko egitura jada amaituta, eraikinaren estalkia jartzeko lanak hasiko dira, isolamendu termiko eta babes egokia ziurtatzeko hainbat materialez osatuta. Ondoren, 2025eko lehen hiruhilekoan, eraikinaren kanpoko hormak eraikitzen hasiko dira, eta horiek emango diote amaiera kiroldegiko fatxadari.

“Urgozo kiroldegia erreferente bat izango da Amorebieta-Etxanorako; kirola, kultura eta aisia batuko dituen balio anitzeko espazioa izango da, zornotzarren gozamenerako eta haien beharrei erantzuteko diseinatua. Aginte Planean jasotako proiektu honek, azpiegitura moderno, jasangarri eta berritzaileak eskaintzearen aldeko konpromisoa islatzen du, eta obrak amaitzen direnean, Urgozo kiroldegi bat baino askoz gehiago izango da: gure udalerriko gizarte, kultura eta kirol bizitza indartuko dituen topagunea izango da”, amaitu du Ainhoa Salterain alkateak.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top