Otsailaren 11ko ekitaldiak Orbe Kardinalaren plazan egingo dira, 17:00etatik 19:00etara bitartean

ERMUA | Otsailaren 11a “Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna” izendatuta dago. Hori dela eta, Ermuko Udalak hainbat dibulgazio tailer antolatuko ditu zientzialarien omenez. Emakume zientzialariak, salbuespenak salbuespen, ezezagun handiak dira gure gizartean, beren lanak eta nortasunak isilpean egon baitira.
Otsailaren 11ko ekitaldiak Orbe Kardinalaren plazan egingo dira, 17:00etatik 19:00etara bitartean eta astronomia, kimika, biologia eta botanika bezalako diziplinak jorratuko dira, lau emakume zientzialarien omenez. Euria egiten badu, jarduera Merkatu Plaza zaharrera eramango da, estalpean egiteko.
Aisialdiko eta zabalkundeko jarduera horietan, nahi beste haur nahiz familiak parte hartu ahal izango dute. “Ekimen honen bitartez, Ermuko Udalak emakumeek zientziaren arloan egiten dituzten ekarpenak ezagutzera eman nahi ditu eta erreferente inspiratzaileak eskaini neska eta belaunaldi gazteei”, adierazi dute udaleko arduradunek.
Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna otsailaren 11n ospatzen da, Nazio Batuen Erakundeak (NBE delakoak) 2015ean aldarrikatuz gero, emakumeek eta neskatoek zientzian eta teknologian parte har dezaten sustatzeko. Alor horietan emakumeek egiten duten ekarpena ikusaraztea eta hezkuntzan eta karrera zientifikoetan (STEAM) dagoen genero-aldea murriztea da helburua.