Izen-ematea doakoa da eta apirilaren 11ra arte egongo da zabalik

BERRIZ | Udaleko Berdintasun arloak jarduera berri bat antolatu du apirila eta ekaina bitartean. Emakumeak ahalduntzeko antzerki-tailerra da, 18 urtetik gorako emakumeei zuzendua.
Nazaret Froufe antzezle, sortzaile eta antzerki pedagogoak emango duen ikastaro honen bidez, antzezten, gozatzen eta kontatzen ikasiko da. “Gure gorputza, gogoa eta espiritua landuko ditugu. Izaki sortzaile gisa berezi egiten gaituzten askatasun eta edertasunak bilatuko ditugu. Bide batez, gure izaeraren autokontzientzia irabaziko dugu eta autoestimua landuko dugu “, adierazi du Nazaret Froufek.
Tailerrean parte hartzeko ez da beharrezkoa eszenatokietan esperientzia izatea. “Beldur eszenikoa baduzu, ez kezkatu, hau da zure lekua. Jolasaren, mugimendu eszenikoaren eta inprobisazioaren bidez, emakume parte-hartzailea espazio seguru bateko antzerki-tekniketan murgiltzen da”, zehaztu du.
Guztira 8 saio izango dira (apirilak 28; maiatzak 5, 12, 19 eta 26 eta ekainak 2, 9 eta 16) 18:30etatik 20:00etara Kultur Etxean. Izen-ematea doakoa da eta apirilaren 11ra arte egongo da zabalik.
Izen-ematea: berdintasuna@berriz.eus / 946 82 45 25 telefonoan edo 603837471 WhatsApp bidez