San Agustin Etxebarria elizaren aldamenean dago teileria zaharberritua, eta hasi da lehenengo bisitariak jasotzen

ELORRIO | ‘Harria eta Taladrina’ aldizkariaren azken aleak dakarren bezala, industria ahaztua izan da teilagintza Euskal Herrian, prestigio gutxikoa, baina ez horregatik garrantzia gutxikoa. Elorrion hiru teileria egon ziren teilagintzaren urrezko aroan, XVIII-XIX mendeen artean.
Horietako bat izan zen San Agustin elizaren ondokoa, eta bazuen Gipuzkoan eta Bizkaian zeuden 400 teileriekin alderatuta bereizgarri bat: elizak aginduta sortu zela, ziurrenetik, San Agustingo eraikin erlijiosoaren teilatua konpontzeko, XVII. mendean. Elizak errentari onenari uzten zion alokairuan teileria, hark ustia zezan, harik eta 52 familiek ekintza judizial bidez teileriaren eskumena lortu eta kooperatiba sortu zuten arte. 36ko gerra hasi zen arte eman zien zerbitzu teila-fabrikak elorriarrei, eraikuntzetarako beharrezko materiala ekoitzita.
Saiakerak egin arren, ezin izan zuten jarduera artisau hura berreskuratu, ekoizpen mekanikoa garatuta zegoelako ordurako. Hala ere, eraikinaren gaur egungo jabeak guneari beste erabilera bat emateko aukera aprobetxatu du, eta agerikoa da emaitza: sei urteko zaharberritze lanen ostean, Solatsu teileria interpretazio-zentro bezala ireki dute uztailean. Honek ere badu bereizgarri bat, gure inguruan bisita daitekeen teileria bakarra delako.
Ikusi eta ikasteko kontu asko

Zalantzarik ez dago ondare industrial berezi baten berri ematen duela Solatsuk, Ane Miren Arriagaren eta Marisa Martinsen eskutik. Informazio-panelak, antzinako teilak eta lanabesak, labea panpin-itxurako langileekin, haurrentzako jolas tematikoak… Badago lantoki eta lanbide honi buruz zer ikusi eta zer entzun: “Eraberritze-lanak argazki batean oinarrituta egin ditugu, non antzina teilatua izan zuela ikus daitekeen; izan ere, teileria guztiak ez ziren estaliak. Egia esan, bertako langileak, teilaginak, ez zeuden ondo ikusita; lanbide zikina zen, oso gogorra, eta kanpotarrek egiten zuten, gehien bat, Asturiastik zetozenek. Gremio-hizkera bat ere sortu zuten, xiriga”, azaldu du Arriagak.
Babesa eta jabetza sinbolizatzen zuten teilek, hainbat adibideren bidez ikus daitekeen moduan: “Adibidez, emakumeak, erditzerakoan, 40 egunean ezin ziren etxetik irten. Eta irteten baziren, teila buruan jarrita irteten ziren, etxe barruan zeudela adierazteko. Artzainek debekatuta zuten etxolak teilekin estaltzea, eraikina sasoi baterako hartzen zutelako, hau da, ez zelako beraien jabetzakoa. Eta mugarri bezala ere erabiltzen ziren teila zatiak, lur jabetzak markatzeko”.
Halako eta antzeko kontu gehiago ezagutu daitezke Solatsura osteratxoa eginez gero. Helburua, Arriagaren hitzetan, “jendeari, familiei, plan bat eskaintzea da. Ez bakarrik teilerian, baita Elorrion ere. Bertako historia eta ondarea ezagutu eta gogoratu dezatela. Galdu dugun industria bati buruz, langileei buruz ikastea”.
Datorren ikasturtean zehar, gainera, ikastetxeak animatu gura dituzte bisitak egitera, “5 urtekoentzat edota 15 urtekoentzat egokitutako jarduerak baitauzkagu”. Teileria da Solatsuren harribitxia, baina badu baserri bat hari itsatsita ere. Lotarako bost apartamentuz eta askotariko ekitaldietarako txoko batez hornituta egongo da.
Inaugurazio ofiziala, urrian
Arriagak aurreratu duenez, Europako Ondare Jardunaldietan parte hartuko dute urrian, bisita librea eta umeentzako tailerra antolatuta. Garai horretan inaugurazio ofiziala ere egingo dute, proiektua aurrera ateratzen lagundu dieten eragile guztiak gonbidatuta: “Lanbidea nolakoa den erakutsi diguten Salamancako teilaginak, Aldundiko arduradunak, Urkiola Landa Garapenekoak, Elorrioko Udalekoak…”.
Udan zehar, berriz, dinamika berria nola doan ikusiko dute, “zer hobetu dezakegun, eta jendeak nolako balorazioa egiten duen”.