DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Elorriok alokairu sozialerako sei etxebizitza egokituko dira Goieta kalean

Aste honetan hasiko dira sei etxebizitza egokitzeko lanak Goieta kaleko 38-40 zenbakietan dauden udal lokaletan

Lanak aste honetan hasi eta 10 hilabetez luzatuko dira

ELORRIO | ‘Danona’ 2023-2027 Gobernu Planean jasotzen zen bezala, Goietan kokatuta dauden Udalaren jabetzako lokalak alokairu sozialerako apartamentu bihurtuko dira, eta horietako bat mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta egongo da.

Etxebizitza bakoitzaren azalera erabilgarria 45 eta 56 m2 bitartekoa izango da, eta guztiak egongela-jangela-sukaldez, bainugelaz, logelaz eta esekitokiz hornituta egongo dira. Etxebizitza bakoitzari aerotermia bana jarriko zaio etxebizitzako berokuntza-sistemarako eta ur berorako, energia garbia erabiliz.

Lanak aste honetan hasi eta 10 hilabetez luzatuko dira, hau da, datorren urteko martxoan amaitzea dago aurreikusita. Eusko Jaurlaritzaren baitako Alokabide elkartepublikoaren bidez kudeatuko da alokairua.

Obraren kostua 580.499 eurokoa izango da, eta horietako 351.000 euro Eusko Jaurlaritzak jarriko ditu.

Hirigintza arloko zinegotzi Maria Herreroren arabera, “proiektu honekin udal lokalak herritarren eskura jartzen ditugu, alokairu sozialeko etxebizitzen parke publikoaren parte izatera pasata. Uste dugu bereziki gazteek pairatzen duten etxebizitzaren arazoa arintzeko lehenengo neurri zehatza izango dela; nahiko proiektu apala da, baina etxebizitza soziala sortzeko egiten den ekarpen oro da garrantzitsua”.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top