Larunbat honetan, apirilak 11, Amatxo Gaztak ekoizle gonbidatua izango da goizeko 8:00etatik aurrera

DURANGO | Durangoko Merkatuak hainbat jarduera antolatu ditu apirilean zehar herritarrentzat. Helburu nagusia gastronomia ezagutzea, tokiko produktuak balioestea eta elkargune gertu eta dinamiko baten parte-hartzea sustatzea da.
Ildo horretan, ostegunetan, 18:00etan, prestakuntza eta zabalkunde proposamenak egingo dira:
-
Apirilak 16: Oilaskoaren zatikatzeari eta aprobetxamenduari buruzko sukalde-tailerra.
-
Apirilak 23: Euskal Sagardoaren dastaketa, euskal sagardoa hobeto ezagutzeko eta dastatzeko.
-
Apirilak 30: Aleatik ogira I saioa, “Ekoizlea ezagutzen” tailerraren barruan.
Basa landare jangarriak
Bestalde, programazioa larunbat goizeko ekintzekin osatuko da. Zehazki, larunbat honetan, apirilak 11, Amatxo Gaztak izango da ekoizle gonbidatua goizeko 8:00etan. Aukera ezin hobea izango da haien produktuak eta lana bertatik bertara ezagutzeko. Halaber, apirilaren 25ean, basa landare jangarriei buruzko show cooking bat egingo da, landare horien sukaldeko aukerak erakusteko.
Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak merkatuaren dinamizazioak duen garrantzia azpimarratu du: “Durangoko Merkatuak espazio bizi eta dinamikoa izan behar du, urte osoan jarduera sortuko duena. Dinamizazioa funtsezkoa da merkatu hau benetako elkargune bihurtzeko, tokiko merkataritza indartzeko eta gure hurbileko produktuei ikusgarritasun handiagoa emateko. Horrela bakarrik lortuko dugu merkatua Durangoko nortasunaren ispilu eta motor ekonomiko izatea”.


