Berdintasuna eta aniztasuna sustatzeko ekimenak antolatu dira
DURANGALDEA | 1990etik gaur arte asko aurreratu da legearen arloan, herritarrak berdintzeko, sexu-orientazioa eta/edo generoa alde batera utzita, eta gure lurraldean lege garrantzitsuak eman dira, LGTBIQ+ pertsonak gainerako herritarrekin parekatzeko. Ikusten dugu gizarteak ere aurrera egin duela hein handi batean, eta esan daiteke, oro har, espazio sozial gehiago ditugula, eta espazio horietan, pertsonok modu ireki eta askotarikoan adieraz dezakegu gure sexualitatea eta gure generoa bizitzeko moduak.
Lege-aldaketa eta aurrerapen sozial asko lortu diren arren, LGTBI pertsona askok diskriminazioari, estigmatizazioari eta indarkeriari aurre egiten jarraitzen dute. Euskal gizarte gisa oraindik bide luzea dugu benetako berdintasun eraginkorra lortzeko. Aurreiritziek, uste faltsuek, estereotipoek, arbuioak eta, batzuetan, gorrotoak, zoritxarrez, gizarte-sektore askoren barruan jarraitzen dute.
LGTBI pertsona askoren ikusezintasunak eta ezkutukeriak (batez ere lesbianak, transexualak, adinekoak edo desgaituak badira) edo gaur egun gure hirietako espazio publikoetan gertatzen ari diren eraso fisikoen gorakadak agerian uzten dute benetako askatasunik ez dagoela sexu-aniztasuna eta genero-aniztasuna berdintasunez eta diskriminaziorik gabe bizitzeko eta adierazteko.
Homofobiaren, lesbofobiaren eta transfobiaren aurkako borroka pertsona guztien berdintasun-printzipioaren, duintasunaren eta giza eskubideen defentsa da. Aniztasuna da gure aberastasuna, eta LGTBI pertsonen aurkako diskriminazio eta indarkeria mota guztien aurka egiten diren ahalegin guztiak aurrerapen kolektibo bat dira, gero eta inklusiboagoa eta hain baztertzailea ez den gizarte baterantz, bidezkoagoa eta errespetuzkoagoa, azken batean berdintasunezkoagoa.
Konpromisoa argia da: sexu- eta genero-aniztasunari buruzko politikak garatzea. Politika horien helburu nagusia da EAEko herritarren berdintasuna indartzea eta bermatzea, haien sexu-orientazioa eta genero-identitatea alde batera utzita, eta hain diskriminatzailea ez den gizarte baten oinarriak ezartzea.
«Pertsona guztien eskubideak defendatzeko eta politika publikoetan babes- eta diskriminazioaren aurkako neurriak sartzen jarraitzeko ahaleginari eutsiko diogu. Gure gizartearen aniztasuna gure indarra eta defendatu eta zaindu beharreko balioa dela uste dugu», aurreratu dute.