DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Debekatuta San Migel kaleko hondoratze-eremura sartzea segurtasun arrazoiengatik

Pasabideak itxita jarraitzen du egiturazko arriskuagatik, lurzorua oraindik ezegonkorra baita eta pertsonentzat benetako arriskua suposatzen baitu

Ganga horretatik San Martin erreka igarotzen da

AMOREBIETA-ETXANO | Joan den martxoaren 14an, Amorebieta-Etxanoko Udalak San Migel kaleko zati bat itxi zuen, Jauregizahar auzoaren parean, errepidearen azpian dagoen ganga baten arazo baten ondorioz, eta horrek kalearen hondoratze-arriskua zekarren. Ganga horretatik San Martin erreka igarotzen da.

Gaur egun, hondoratzeak eragindako zatia itxita jarraitzen du, eta sarrera guztiz debekatuta dago, lurzorua oraindik ezegonkorra baita eta benetako arriskua suposatzen baitu herritarrentzat. Horren harira, Amorebieta-Etxanoko Udalak herritarren lankidetza eskatzen du San Miguel kalean segurtasuna bermatzeko. Izan ere, seinaleak jarrita dauden arren, pertsona batzuk eremu arriskutsura sartzen ari direla antzeman da, eta horrek arriskua ekar lezake. Horregatik, Udalak zornotzarrei bertara ez hurbiltzeko eta hesitako perimetroa ez gurutzatzeko  eskatzen die.

Asteburu honetan, gainera, beste pitzadura bat agertu da kaltetutako eremuan, eta, ondorioz, zorua gehiago hondoratu da. Egoera hori gehiago zabaldu daiteke, horrenbestez, segurtasun-perimetroa errespetatzea eta hesitutako eremura ez sartzea eskatzen zaie herritarrei.

Honen berri izan zenetik, Udala etengabe lanean ari da egoerari behin betiko irtenbidea emateko. Lehenik eta behin, kalteturiko zatia itxi eta trafikoa antolatu zuen berriro, autobus geralekuen aldaketa barne. Ondoren, udaleko zerbitzu teknikoek azterketa sakona egin zuten, eta San Martin erreka igarotzen den harrizko gangaren kolapso partziala baieztatu zuten. Egiturazko narriadura horrek galtzadari zuzenean eragiten dio, eta inguruan uholde-arriskua areagotu dezake, batez ere eurite handiak direnean.

Txosten horiek esku artean izanik, Udalak larrialdi bidezko konponketa proiektu baten kontratazioa izapidetu zuen. Ingeniaritzako enpresa esleipendunak egituraren egonkortasuna eta bidearen segurtasuna bermatuko dituen irtenbide tekniko bat zehazteko lanean hasi da jada. Horrez gain, URA Uraren Euskal Agentziarekin lankidetzan dihardute, eta agentzia honek azken proposamena baliozkotu beharko du konponketa-lanak hasi aurretik.

Bien bitartean, Udalak gogorarazi du kalea istea segurtasun irizpideei jarraituz egin dela. Beheko pasagunea ez da irisgarria, eta zuloaren ingurura hurbiltzea arriskutsua izan daitekeela. Horregatik, Udalak bizilagunei ezarritako hesia errespetatzea eskatzen die, euren segurtasunagatik eta baita garatzen ari diren lanengatik ere.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top