DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Datorren astelehenean jasiko dira Nafarroa Zentroko erreformako lanak

Proiektuaren helburua da taberna, sarbidea, komunak eta jangela modernizatzea, irisgarriagoak eta funtzionalagoak izan daitezen

Lanak abuztuaren 4an hasiko dira

AMOREBIETA-ETXANO | Datorren abuztuaren 4an ekingo dio Amorebieta-Etxanoko Udalak Nafarroa Zentroko beheko solairuko hegoaldeko hegaleko barruko erreformari, espazio hori erabiltzaile guztientzako ingurune abegikorragoa, modernoagoa eta irisgarriagoa bihurtzeko helburuarekin. Lanek taberna/kafetegia, sarrera, komunak eta jangela guztiz berritzea aurreikusten dute, 629.682,97 euroko inbertsioarekin eta bost hilabeteko epean.

Aurreikusitako hobekuntzen artean, honako hauek nabarmentzen dira: tabernako barrarako kokapen berria, ikusgarriagoa eta funtzionalagoa; zentrorako sarrera irekiagoa eta goxoagoa; mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako komunak; eta beste jarduera batzuetarako ere, malgutasunez erabili ahal izango den jangela, tabernatik bereizita.

Zerbitzuaren jarraipena bermatuta

Udalak azpimarratu du erreforma horrek ez dituela zentroko ohiko zerbitzuak geldiaraziko. Abuztuan, ohi bezala, itxita egongo dira taberna, jantokia, adinekoentzako eguneko zerbitzua eta desgaitasuna duten pertsonentzako eguneko zentroa. Hala ere, martxan mantenduko dira gizarte-zerbitzuak, adinekoentzako eguneko zentroa eta eraikinaren ezkerreko areto nagusia, karta-jokoetarako edo egonaldirako gune gisa egokituko dena.

Irailetik aurrera, eta obrek irauten duten bitartean, zerbitzu guztiak berriro martxan egongo dira. Behin-behinean, taberna eta jantokia sarrera nagusitik sartu ahala dagoen ezkerreko aretora lekualdatuko dira, zerbitzua ahalik eta normaltasun handienarekin eskaintzeko. Jantokiaren kasuan, menuak catering bidez zerbitzatuko dira, eta aldez aurreko eskaera egin dutenentzat bakarrik egongo da eskuragarri. Kudeaketa hori errazteko bonuak jarriko dira salgai.

Udalak ulermena eta malgutasuna eskatu die erabiltzaileei obrek dirauten bitartean egin daitezkeen aldaketen aurrean, Nafarroa Zentroaren kalitatea eta irisgarritasuna hobetzea baitute helburu. Ainhoa Salterain alkateak adierazi bezala, “gure adineko bizilagunak eroso, seguru eta euren egunerokotasunaz gozatzeko erraztasun guztiekin sentitzea nahi dugu”.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top