DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Bostgarren desobiratze-kanpaina hasi da Amorebieta-Etxanoko hilerrian

Aste honetan zehar egingo diren lanekin, kokapen horretako hezur guztiak lurpetik ateratzen amaitzea aurreikusten da

Lanak aste honetan zehar egingo dira

AMOREBIETA-ETXANO | Astelehen honetan hasi da Amorebieta-Etxanoko hilerrian gorpuzkiak lurpetik ateratzeko bosgarren fasea. Lanak aste honetan zehar egingo dira eta, aurreikuspenen arabera, kanpaina honekin amaituko da gorpuzkiak ateratzeko fasea.

Gogoraren ‘Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko eta Identifikatzeko Programaren’ baitan, hilerri honetan 127 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu dira dagoeneko, eta horietako 4 identifikatu eta familiei eman zaizkie.

Orain arte egindako identifikazioek eta hezurren eta berreskuratutako materialaren azterketek adierazten dute inguruko gerra-fronteetan hildako gudulariak direla, hala nola Bizkargi, edo Amorebieta-Etxanoko ospitale militarrean hildako borrokalariak. Gogora Institutuak 300 hildako baino gehiago ditu erregistratuta, kasuistika honi erantzuten diotenak. Hala ere, hobitik ateratzean lortutako informazioa dokumentu- eta artxibo-iturriekin alderatzeak ahalbidetuko du identifikazioa bideratzea, biktima horien balizko senideekin harremanetan jarrita.

Identifikatutako eta familiei entregatutako lau pertsona

2024ko maiatzaren 13an, lehen bi identifikatuen gorpuzkiak eman zitzaizkion familiari. Identifikatutako pertsonak Adolfo Cengotitabengoa Izurza (Muskiz) eta Jaime Iñiguez Nieva (Ortuella) dira, biak Euskadiko Alderdi Komunistari atxikitako ‘Perezagua’ batailoiko milizianoak. Biak egun berean hil ziren, 1937ko apirilaren 7an; Cengotitabengoa Barazarko frontean, 31 urterekin, eta Iñiguez Amorebieta-Etxanoko Ospitale Militarrean, 19 urterekin, seguru asko, frontetik bertatik zaurituta eraman ondoren.

Orain arte, Gogora Institutuak horietako 4 identifikatu eta eman dizkio familiari

Identifikatutako hirugarren pertsona Enrique Contreras da, Linareskoa (Jaen) eta Aretxabaletako bizilaguna, EAJ-PNVri atxikitako ‘Sarasketa’ batailoiko gudularia. 1937ko apirilaren 6an hil zen, Diman. Bere gorpuzkiak Amorebieta-Etxanoko hilerritik berreskuratu ziren 2024ko martxoan egindako bigarren indusketa-kanpainan. Identifikazio genetikoa posible izan da 2018an hildako alabak DNA Bankuari emandako lehen lagin bati esker, eta haren semearen bigarren lagin bati esker. Haren gorpuzkiak 2024ko uztailaren 30ean eman zitzaizkion familiari, Aretxabaletan.

Benigno Hierro Pinedo Zornotzako hilerrian identifikatutako laugarrena da. Haren gorpuzkiak 2023ko abenduan berreskuratu ziren. Ortuellan (Bizkaia) jaioa, Euskadiko Alderdi Komunistari atxikitako ‘Perezagua’ 10. batailoian borrokatu zuen, eta 1937ko apirilaren 7an hil zen, Barazarko frontean. Dokumentazio historikoak heriotzaren lekua eta data jasotzen ditu, baita haren heriotza Amorebieta-Etxanoko Erregistro Zibilean inskribatu zela ere. Hala ere, haren ehorzketa lekua ezezaguna zen, ez zegoen dokumentatua, eta Gogorako Gerra Zibilean hildakoen datu-basean gerrako desagertu gisa agertzen zen; haren familiak ere ez zekien non lurperatu zituzten.

Identifikazio genetikoa egiteko, DNA lagin bat eman zuten haren alabak eta ilobetako batek. Kasu honetan, funtsezkoa izan zen ‘Ortuellako Memoria Mahaiaren’ eta Juan Ignacio Rodríguez Camarero bertako ikertzailearen lankidetza. Benigno Hierroren gorpuzkiak 2024ko azaroaren 20an eman zitzaizkion familiari, Ortuellan.

 Bilatzeko eta identifikatzeko programa

Gogora Institutuaren ‘Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko eta Identifikatzeko Programaren’ barruan egindako lanak dira Amorebieta-Etxanoko hilerrikoak. Aranzadi Zientzia Elkartearen eta UPV/EHUko Biomics laborategi genetikoaren bitartez aurrera eramaten du Gogorak lan hori. Aranzadi Zientzia Elkartea gorpuzkiak hobitik atera eta auzitegi-antropologiaz arduratzen da eta Biomics DNA laginak kontrastatuz identifikazio genetikoa egiteaz.

Identifikatzeko daude 123 pertsonaren gorpuzkiak, horretarako, Gogora Institutuak berriro ere dei egiten die inguru horretan desagertutakoen familiei Institutuarekin harremanetan jar daitezen eta identifikazioa bideratzeko prozesuari hasiera eman diezaioten. Posta elektronikoz edo gogora@euskadi.eus telefonoaren bidez egin daiteke | 944032845

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top