Jaialdiak erromeriak, kontzertuak eta jarduerak eskainiko ditu lehen edizioak egun osoan zehar

DURANGO | Astelehen honetan aurkeztuko da Durangon Bizkaiko Erromeria Eguna, urriaren 4an lehen edizioa ospatuko den jaialdia. Hitzordua Bizkaiko Foru Aldundiak eta Danok Pro kooperatibak antolatu dute, Durangoko Udalaren laguntzarekin. Aurkezpen ekitaldia Landakon egin da eta bertan bildu dira erakundeetako eta kulturako ordezkariak, besteak beste, Leixuri Arrizabalaga foru diputatua, Mireia Elkoroiribe alkatea eta Jon Gómez Garai Danok Proko bozeramailea.
Egun osoan zehar emanaldiak izango dira Landako, Ibaizabal parkea, Musika Eskola eta bere ingurua eta Plateruena antzokia bezalako guneetan. Erromeria tradizional eta modernoak, publiko guztiarentzako ekitaldiak eta Zabaleta eta Motriku, Esna Gazte, Luhartz edo Goazeneko gazteen kontzertuak izango dira. Jaialdia amaitzeko, erromeria elektronikoa egingo da Plateruenan, Gautegun, Zazpizar, Altxa Porru eta Zutik taldeekin. Ekitaldiari buruzko informazioa Bizkaiko Erromeria Eguneko sare sozialetan egongo da eskuragarri.
“Durango euskal tradizioaren, musikaren eta kulturaren epizentroa izango da. Aukera paregabea da gure ondare immateriala biziberritzeko eta belaunaldi berriei helarazteko “, nabarmendu du Mireia Elkoroiribe alkateak. Informazio guztia Bizkaiko Erromeria Eguneko Instagramen eta Facebooken egongo da eskuragarri.