Telelaguntza zerbitzuak 291 pertsona artatzen ditu gaur egun herrian

ELORRIO | BetiOn Euskadiko telelaguntza zerbitzua pertsonetan oinarritutako arreta-eredu baten baitan eskaintzen da, eta helburua adinekoei zein egoera zaurgarrian dauden pertsonei segurtasuna, lasaitasuna eta autonomia handiagoa bermatzea da. Zerbitzuak pertsona bakoitzaren egoera aztertzen du, beharrak baloratu eta arreta-plan pertsonalizatua eskaintzeko.
Gaur egun, Euskadin 85.486 pertsonak jasotzen dute BetiOn zerbitzua, eta horietatik 291 Elorrion bizi dira. Datu horiek agerian uzten dute telelaguntzak herrian duen garrantzia, bereziki adinekoen artean, bakardade-egoerak autemateko eta eguneroko segurtasuna indartzeko tresna eraginkor gisa.
Zerbitzua eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan erabilgarri dago, teknologia aurreratuaren bidez. Erabiltzaileek etxean terminal bat eta pultsagailu pertsonal bat dituzte, larrialdi egoeretan berehala abisua emateko. Horrez gain, osasun-kontsultak bideratzen dira, lehen arretako mediku edo erizainarekin hitzorduak kudeatzen dira, eta behar denean, etxera laguntza bidaltzen da. Plan pertsonalizatuaren arabera, jarraipen-deiak eta informazio-kanpainak ere egiten dira, hala nola erorketen prebentzioa, lapurreten aurkako neurriak edo tenperatura muturren aurrean hartu beharreko neurriak.
BetiOn zerbitzua eskatzeko, herriko oinarrizko gizarte zerbitzuetara jo behar da, udaletxean. Eskaera-orriaren, medikuaren txostenaren eta, kasu batzuetan, gizarte-langilearen txostenaren bidez tramitatzen da. Zerbitzuak 4 euroko hileko kostua du, baina diru-sarrerak 600 eurotik beherakoak direnean ez da ordainketarik egin behar.


