Partaideek herriaren kultura, ondarea edo natura jasotzea da erronka, Instagram plataformara bideo laburrak igota
ELORRIO | Bigarren urtez jarraian, “reels” lehiaketa antolatu du Elorrioko Udalak, herritar zein bisitariek herria nola ikusten duten adierazi dezaten. Elementu hauetakoren bat agertzea da baldintzetako bat: gune monumentala, naturgunea edo kultur ekitaldi bat. Ikus-entzunezkoen iraupena 45 segundokoa izango da gehienez.
Bestalde, ezinbestekoak izango dira Instagramera igotako bideoetan ezaugarri hauek agertzea. Bata, lehen hitza euskaraz izatea. Bigarrena, bi hashtag hauek erakustea: #elorrio eta #elorrioturismo. Eta, azkenik, @turismoelorrio kontuari aipamena egitea.
Lehiaketak irailaren 15era iraungo du, eta hiru sari daude jokoan: lehenengoak kilometro 0-ko produktuz osatutako otzara eramango du eta bigarren eta hirugarren gelditzen direnek, Elorrioko material promozionala. Epaimahaia udaleko ordezkariek eta herritarrek osatuko dute.
Urriaren 1ean erabakiko dituzte irabazleak eta sari banaketa ekitaldia urriaren 4an egingo da, 12:00etan, turismo bulegoan.