DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Amorebietak Euskadiko zaldi-sektorearen aberastasuna ezagutzera emango du igandean

Euskadiko zaldi-sektoreko elkarte eta federazioak lehen aldiz elkartu dira sektoreari bultzada eta ikusgarritasuna emateko

Azoka datorren igandean ospatuko da Jauregibarrian
Azoka datorren igandean ospatuko da Jauregibarrian

AMOREBIETA-ETXANO | Igande honetan ospatuko da Amorebieta-Etxanon Euskadiko Zaldi Sektorearen Azokaren lehenengo edizioa, sektorearen garrantzia ezagutarazteko.

Azken hamarkadetan eratutako zaldi-sektoreko euskal elkarte eta federazioei esker, zaldi-arraza batzuk berreskuratu, kontserbatu, sustatu eta balioetsi dira, besteak beste, bertako arrazak. Aspaldiko asmoa gauzatzeko asmoz, elkarte eta federazio horiek guztiak lehen aldiz elkartu dira, elkarrekin, Zaldialdia zaldi-sektorearen azoka antolatzeko eta sektorearen balioa eta aniztasuna bultzatu eta zabaltzeko. «Bakoitzak bere eremutik, baina denok nahi dugu euskal arrazak indartzea eta, oro har, zaldi-sektorea indartzea; elkarrekin lan eginez, ikusgarritasuna eta indar handiagoa emango diogu sektoreari», azaldu du Osertz Lejarreta Zaldialdiko koordinatzaileak.

Guztira, 120 animalia baino gehiago egongo dira ikusgai, horietako asko ere salgai: haragi-zaldiak, erresistentzia eta jauzi lehiaketako zaldi irabazleak, pottokak, Enkarterriko astoak, Euskal Herriko Mendi Zaldiak, etab.

Hiru espazio

Eusko Jaurlaritzaren eta Amorebieta-Etxanoko Udalaren laguntza bereziarekin, goizeko 9: 00etatik 15:00etara jarduera egitarau bat prestatu da. Azoka Jauregibarria parkean egingo da, baina hiru gunetan banatuta egongo da, eta bakoitzak bere programa izango du: lehenengo pistan balorazio morfofuntzionalak eta kirol-zaldien jauziak izango dira; bigarrenean, Euskal Herriko pottoka, enkarterriko astoa eta mendi-zaldia arrazen ezaugarrien azalpenak eta pottoken erresistentzia- eta oztopo-jauziak; eta pistatik kanpo, besteak beste, zaldien erakusketa eta salmenta, tokiko produktuen azoka (KM0), zaldi-okelaren dastaketa, haurrentzako tailerrak eta Pottoka eta Enkarterriko burroen gaineko ibilaldiak.

Lejarretaren hitzetan, Zaldialdia geratzeko etorri da: «Euskadin orain arte ezagutu ez dugun azoka da Zaldialdia, eta bertan geratzeko etorri da. Izan ere, publiko guztiarentzako azoka da, lehen sektoreko profesional eta zaleentzat nahiz sektorea ezagutzen ez duten herritarrentzat». Eta Amorebieta-Etxanora hurbildu ezin duenak azoka streaming bidez jarraitzeko aukera izango duela gogorarazi du zaldialdia.eus-en.

Hazten ari da

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendariak, Jorge Garbizuk, zaldi-azienda gauzak ondo egiten ari den sektorea dela azpimarratu du: “Sektorea gogor ari da lanean Euskadin bertako arrazak berreskuratzeko, hala nola Euskal Herriko Mendi Zaldia, Enkarterrietako Astoa eta Pottoka; eta, bestalde, hazten ari da eta errentagarritasun onak lortzen ditu, adibidez, kirol-zaldien esparruan”.

Era berean, abeltzaintza-sektorea dibertsifikatzeko aukera bat dela nabarmendu du, lehen sektorean lan egiten duten edo interesa duten beste eragile edo norbanako batzuek «oso kontuan hartu behar dutena».

Bestalde, Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak aitortu du “gogo handiz” hartu dutela Zaldialdia udalerrian antolatzeko erronka, sektore horrek eragin ekonomiko positiboa izateaz gain, naturarekiko eta tradizioekiko lotura indartzen duelako: “Gero eta pertsona eta erakunde gehiago ari dira lanean gure historiaren eta ondarearen parte diren arraza autoktonoak berreskuratzeko, eta Zaldialdia aukera paregabea da ondare horri balioa emateko eta espezie horiek gure eskualdeari ematen dioten aberastasuna erakusteko”.

Zaldialdian lau elkarte eta federazio ari dira lanean gaur egun:

– BCSH elkartea, Basque Country Sport Horse edo Euskal Herriko Kirol-Zaldi Elkartea 2016an sortu zen Lezaman, hautaketa, ugalketa, hazkuntza, entrenamendua, balorazioa eta
zaldia merkaturatzea raid/endurance diziplinarako eta jauzirako.
– EPOFE, Pottoka arrazako Hazleen Federazioa, 2004an eratu zen, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru elkarteak elkartzeko. Gaur egun, 112 abeltzain inguru ordezkatzen ditu, eta Pottoka arraza zaintzen eta sustatzen dute, une honetan desagertzeko arriskuan baitago.
– EHMEZAFEk, Euskal Herriko Mendi Zaldi Arrazaren Federazioak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 313 bazkide biltzen ditu. 2014tik arraza mantentzeko lanean dihardu, dagoen aldagarritasun genetikoa babestuz.
– ENAFEk, Enkarterriko Asto Arrazako Hazleen Federazioak, hiru lurraldeetako 67 asto-hazle ustiategi biltzen ditu, eta 2014tik arrazari eusteko lanean dihardu, bere genetika zainduz eta hobetuz.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top