Udalak hasierako onespena eman dio eraikin berria eraikitzeko udal-lursaila Eusko Jaurlaritzari lagatzeari

AMOREBIETA-ETXANO | Toki administrazioak urrats sendoa eman du Urritxen institutu berria eraikitzeko prozesuan. Izan ere, udalbatzak hasierako onarpena eman dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari Urritxe BHIren eraikinaren ondoan dagoen lursailaren lagapenari. Akordio hori funtsezko aurrerapausoa da proiektuan, DBH eta Batxilergoko ikasketak hartuko dituen ikastetxe berria eraikitzeko behar den espazioa bermatzen baitu.
Hala, udal-lursailaren doako lagapenari esker, Hezkuntza Sailak proiektua garatzen jarraituko du. Institutu berria eraiki ondoren, egungo eraikina eraitsi egingo da, eta Lanbide Heziketako zikloak eskainiko dira bertan. Lurzoruaren lagapenaren hasierako onespenaren espedientea jendaurrean jarriko da orain 20 egunez; ondoren, lagapena behin betiko onartuko da, osoko bilkuraren beste erabaki baten beharrik gabe.
Proiektu honekin, Amorebieta-Etxanoko Udalak hezkuntzarekin duen konpromisoa berresten du, udalerriko hezkuntza-azpiegiturak hobetu eta modernizatzearen aldeko apustua eginez. “Institutu berri honek gure udalerriko egungo eta etorkizuneko hezkuntza beharrei erantzuten die. Familia zornotzarrek irakaskuntza eredu berrietara egokitutako azpiegitura modernoak merezi dituzte, eta proiektu honekin aurrera egiten jarraitzen dugu gure gazteentzat kalitatezko hezkuntza lortzeko bidean”, adierazi du Ainhoa Salterain alkateak.
Bien bitartean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila proiektuaren garapenean murgilduta dago, eta lagapen hori aurrerapauso handia izango da prozesu horretan. Era berean, ikastetxe berria eraikitzeak hobekuntza nabarmena ekarriko du Amorebieta-Etxanoko eta inguruko hezkuntza-eskaintzan, irakaskuntzarako espazio zabalagoak, modernoagoak eta egokiagoak bermatuz.